Josu Erkoreka: «Katalunian ezinbesteko eta premiazko komunikazioa errazteko egiten dira indultuak»

0

Lehen lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburu Josu Erkorekari elkarrizketa egin diote, gaur arratsaldean, Onda Cero-ko “Julia en la onda” irrati saioan. Bertan, indultuak Katalunian «ezinbestekoa eta premiazkoa» den komunikazioa errazteko egiten direla azpimarratu du. «Katalunian beharrezkoa den tonu lasaia berreskuratzen lagun dezakete indultuek», adierazi du. Zentzu horretan, «komunitate bat eraikitzeko, zubiak berreskuratzeko eta espazio normalizatuago bat errazteko» beharra azpimarratu du lehendakariordeak.

Indultuen gaiean faktore politiko eta elektoralista saihestezina den arren, Erkoreka sailburuak esan du, egunerokotasunaren liskarrak izatetik haratago, «Katalunian elkarbizitza berreraikitzeko epe luzerako begirada izatera behartuta gaude denok».

Onda Cerori eskainitako elkarrizketan, lehen lehendakariorde eta Segurtasun sailburuak LABIk bihar egingo duen bilera ere izan du hizpide. Josu Erkorekak esan du bihar hartuko dituzten erabakiak, seguruenik, neurrietako batzuk lasaitzeko izango direla; hala ere, maskara kentzeari buruz ez dutela ezer erabakiko gaineratu du. Horren harira, erabaki hori erkidego guztiek koordinatuta hartu behar dutela esan du.

Udari buruz galdetuta, sailburuak adierazi du oso esperientzia gogorra izan dela pandemiarena gizarte osoarentzat, eta uda normalizatu batekin, maskararik gabe eta ekonomia berreskuratuta, amesten duela.

Aldebiko harremanei dagokienez, lehendakariorde eta Segurtasun sailburuak esan du harreman ona duela Miquel Iceta Lurralde Politikako ministroarekin eta Fernando Grande-Maslaska Barne ministroarekin. Gainera, bihar Barne ministroarekin izango duen bilera tonu lasaiean izatea eta akordio handiak lortzea espero duela gaineratu du.