Basque Culinary Centerren hamargarren urteurrena

0

Basque Culinary Centerrek 10. urteurrena ospatu du Patronatuarekin eta hura osatzen duten erakundeekin hainbat ekitaldi eginez. Eguna hasteko, prentsaurrekoa eman dute Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak, Markel Olano Gipuzkoako Foru Aldundiako ahaldun nagusiak, Eneko Goia Donostiako alkateak, Pedro Subijana Akelarre jatetxeko sukaldariak eta Basque Culinary Centerreko patronoak, Mikel Larrea, Eroskiko Idazkari Nagusia, Vicente Atxa Basque Culinary Centerreko Patronatuaren presidenteak eta Mondragon Unibertsitateko errektoreak eta Joxe Mari Aizega Basque Culinary Centerreko zuzendari nagusiak.

Prentsaurrekoan Basque Culinary Centerrek gastronomian izan duen rol eragilea azpimarratu da. Prentsaurrekoaren ondoren, Basque Culinary Centerren Patronatuaren bilera egin da, erakundearen organo goren gisa. Jorratutako gaien artean 2021-2024 Plan Estrategiko berriaren aurkezpena nabarmentzen da, zeinak Basque Culinary Centerrek datozen urteetan jarraituko duen bidea zehaztuko duen, baita GOe (Gastronomy Open Ecosystem) bezalako proiektuak ere.

Hamar urteko ibilbide biziaren ondoren, 2021-2024 aldian Basque Culinary Centerrek “gehiago eta hobeto” bidearekin jarraituko du, sendotzeko eta bikaintasunera bideratutako etapa berrian, zeinak hiru lehentasunezko ardatz estrategiko eta zeharkako bat izango dituen: bikaintasuna, espiritu berritzaile eta ekintzailea, nazioarteko eragin, hedapen eta proiekzioa eta garapen iraunkorra (zeharkako ardatz gisa). Zutabe horiek gidatuko dute zentroaren garapena, zeina berrikuntza gastronomikoaren burua izan den.

Basque Culinary Centerrek abian jarri du plan estrategiko berri bat, jauzi kualitatibo bat emateko erakundearen proiekzioan, kalitate eta exijentziaren estandar handiak indartuz. Eraldaketa horrek digitalizazioaren aldeko apustua egitea dakar, baita etengabeko berrikuntzarena ere ezagutzaren eta egiteko moduen arloetan, esplorazio- eta haustura-maila batekin. Horrez gain, talentu gaztearen sustapena eta Gastronomia 360º ikuspegiko garapen iraunkorra ere landu nahi dira, efizientziarekin, prestakuntza-jardueren nazioartekotzearekin, I+G-rekin, ekintzailetzarekin, balioa sortzeko formula berrien konbinazioarekin eta lan egiteko modu eta prozesu malgu eta ekintzaileen optimizazioarekin batera.

Arlo akademikoan, Gastronomia 360º deritzonaren unibertsitateko prestakuntza-aukera onena izaten jarraitu nahi du, diziplina anitzeko premium hezkuntza-eredu berritzailearekin, irakaskuntzaren kalitatea eta ikasleen esperientzia azpimarratuz. Gainera, profesionalentzako prestakuntza-eskaintza zabaltzen jarraituko du, bai edukietan eta bai formatuetan, merkatu berrietara iristeko gaitasun handiagoarekin eta errentagarritasunari ekarpen handiagoak eginez.

2018an abian jarri zen mundu-mailako gastronomian espezializatutako lehen zentro teknologikoa, BCC Innovation; horrek agerian utzi zuen Basque Culinary Centerren ikerketaren eta berrikuntzaren aldeko apustua. Hurrengo urratsa izango da gastronomian erreferentziako zentro teknologiko gisa finkatzea, estatuko eta nazioarteko proiekzioarekin balio erantsi handiko proiektuetan.

Halaber, erakundeak etengabe landuko du enpresa-garapen estrategikoaren balio-proposamena, egungo enpresak fidelizatzeko eta enpresa lider berriak jorratzeko, markaren tokiko, estatuko eta nazioarteko balioa alde batera utzi gabe, edukien, ikusgarritasunaren eta sustapenaren estrategia aurreratuekin.

Basque Culinary Centerren 2021-2024 Plan Estrategikoa prozesu korporatibo baten bidez garatu da, eta erakundeko kolektiboetako 200 pertsona baino gehiagok hartu dute parte, besteak beste sukaldariek, enpresek, patronatuko kideek eta Basque Culinary Centerreko langileek. Parte-hartze prozesu hori hainbat metodologiaren bitartez garatu da: analisiak, elkarrizketak, workshopak eta sorkuntza bateratuan oinarritutako lan-dinamikak.