Idoia Mendiak “langileek enpresen orientazioan eta kudeaketan duten inplikazioa” nabarmendu du

0

Idoia Mendia Lehendakariordeak eta Lan eta Enpleguko sailburuak, gaur, “langileek enpresen orientazioan eta kudeaketan duten inplikazioa” nabarmendu du, eta esan du, elkartasunarekin eta ekintzailetza kolektiboarekin batera, “etorkizuna idazteko” balioak direla.

Mendiak ASLE Euskadiko Lan Sozietate eta Partaidetzapeko Enpresen Elkartearen biltzar nagusiaren irekieran esku hartu du; ekitaldia Donostian izan da, Tabakalera Kultura Garaikidearen Zentroan. Sailburuak honako hau esan du: “aparta da bi hile baino gehiago ekonomia erabat etenda egon eta gero eta urtean erabateko ziurgabetasuna bizi ondoren, Gerra Zibiletik egon den BPGd-aren beherakadarik handienaren erdian, 2020an bederatzi lan-sozietate berri, ekintzailetza kolektiboko, elkartasuneko, ingurunearekiko konpromisoko eta enplegu-sorrerako bederatzi proiektu sortu izana”. Eta beste alderdi bat ere nabarmendu du: “beste balantze bat, ez hain nabaria, baina askoz ere erabakigarriagoa; alegia, ASLEk elkartutako enpresei bizirik irauteko iaz eman dien ezinbesteko laguntza”.

Hori horrela, honako hau esan du: “krisi hau iritsi eta urte eta erdira, administrazio publikoen, enpresen eta batutako langileen ahalegina emaitzak ematen hasi da”, eta horretan oinarritzen dira, bere iritziz, “itxaropenerako eta etorkizunerako arrazoiak. Etorkizun hori lan-sozietateen balio nagusiekin idatzi nahi dugu: elkartasuna, ekintzailetza kolektiboa eta langileen inplikazioa enpresen orientazioan eta kudeaketan”.

Lehendakariordeak nabarmendu du bere sailak lan-sozietate eta partaidetzapeko enpresekin duen konpromisoa, 2030 Euskal Estrategiaren bidez “hurrengo hamarkadarako zabaldu nahi dugun enplegu-eredua”, “kalitateko enplegua, inklusiboa eta berdinzalea lortzeko, bizi ditugun eraldaketen ondoriozko Euskadi berriak enpleguaren bidez gizarte-kohesioan sakontzea lortzeko”.

Mendiak gogorarazi duenez, “sektorearekin Ekonomia Sozialeko Lehen Plan Estrategikoa prestatzen ari gara”; hartan, ekintzailetza kolektiboa funtsezko oinarrietako bat izango da. “Ekonomia sozialeko erakunde eta enpresei laguntzeko formula da, enpresa jasangarriaren, integratzailearen eta kalitateko enpleguaren enpresa sortzailearen eredu gisa. Hori dela eta, ekonomia sozialaren printzipio eta balioak sustatzen jarraituko dugu”, esan du, amaitzeko.