Marihuana plantazio bat desegin dute Lemoan

0
PRUEBA

Ertzaintzak marihuana plantazio bat desegin du Lemoan, industria-pabiloi baten barruan 1.350 landare aurkitu ondoren. Joan den asteazken arratsaldean 21 urteko gazte bat atxilotu zuten plantazioarekin zerikusia izateagatik, eta iruzur-delitua ere leporatu diote, argindarra iruzurrez hartuta baitzegoen.

Durangoko Ertzain-etxeak joan den asteazken goizaldean jazotako gertaera baten berri izan zuen. Dirudienez, bi gizonezkok hirugarren bat beldurtu zuten Lemoako pabiloi baten inguruan. Polizia-baliabideak adierazitako lekura hurbildu ziren zer gertatu zen argitzeko, baina ez zuten inor aurkitu ez pabiloian ez inguruan, nahiz eta konturatu ziren lokal barruan marihuana plantazio bat zegoela.

Aurkikuntza horren ondorioz, eta osasun publikoaren aurkako delitu bat egiten ari zirela ikusita, agenteek pabiloia zigilatu zuten eta agintari judizialaren baimena eskatu zuten zegokion miaketa egiteko. Baimena eskuan hartuta, ikerketaren arduradunek lokala miatu zuten, eta beheko solairuan hazkunde-fase ezberdinetan zeuden 1.350 landare aurkitu zituzten, ureztatzeko, argitzeko eta aireztatzeko sistema osoarekin. Era berean, landareen hazkuntzarako eta tratamendurako elementu guztiak ere aurkitu zituzten, hala nola ongarria, lurra, tenperatura erregulatzeko termostatoak, ureztatzeko ur-depositu bat, etab. Pabiloian kanpotik elektrizitate-kutxaraino sartzen ziren argindar-kableak ere ikusi zituzten, eta gero egiaztatu zuten legez kanpoko konexio bat zela.

Ebidentzia horien aurrean, ikerketa jarri zuten abian legez kontrako plantazioaren arduradunak identifikatzeko, eta horietako bat atxilotu egin zuten osasun publikoaren aurkako ustezko delitu bat eta argindarrarekin iruzur egitearena leporatuta.

Ertzaintzak zabalik du ikerketa delituan inplikatuta beste norbait dagoen argitzeko.