Euskalmet – Euskal Meteorologia agentziak lurrera iritsitako 10.652 tximista erregistratu zituen Euskadin ekainaren 14tik 19ra bitartean. Egunero sortu ziren ekaitzek prezipitazio-kopuru esanguratsuak utzi zituzten. Horrela, gainditu egin ziren ekaineko prezipitazio-intentsitateen errekorrak, eta barnealdeko zenbait estaziotan guztira metatutako prezipitazioek hilabete osoko batez besteko balioak gainditu zituzten.
Euskalmeten arabera, atmosferako goi-geruzetako aire hotzak eta lehenengo egunetako beroak eta azken egunetako hezetasunak, ezegonkortasun handia eragin zuten, eta horren ondorioz trumoiko zaparradak bota zituen, kasu batzuetan handiak eta beste batzuetan oso handiak.
Berez, ekaitzak ekainaren 14an hasi ziren eta ez ziren larunbatera arte, ekainaren 19ra arte, desagertu. Toki batzuetan gogorrak izan ziren, eta haize-bolada indartsuak eragin zituzten; zenbait lekutan tamaina handiko txingorra ere bota zuen, 3 zentimetroko diametro ingurukoa, esate baterako, Bilbo inguruan hilaren 16an.
Aipatzekoa da Euskalmeten tximista-sareak hauteman zituen eta lurreraino iritsi ziren deskargak 10.652 izan zirela guztira, eta horietako gehienak, ia 6.000, ekainaren 16ko arratsalde-gauean jausi ziren. Tximista gehien Araban jausi ziren, 6 ekaitz egunetan guztira 5.994; ondoren Bizkaian, eta lurralde honetan 3.079 tximista erregistratu ziren, eta Gipuzkoan, berriz, guztira 1.579.
Era berean, zaparradetako batzuek mende honetako prezipitazio-intentsitaterik handienak eragin zituzten. Sodupe-Cadaguako estazioaren kasuan 23,8 l/m² jaso ziren ordubetean, Iturrietan 31,2 l/m², Punta Galean 28,7 l/m² eta San Prudentzion 30 l/m² ordubetean.
Metatutako prezipitazioari dagokionez, egun horietan jasotako kopuruek mende honetako ekaineko batez besteko balioak gainditu zituzten barnealdeko hainbat estaziotan. Nabarmentzekoak dira: Punta Galea, 96,7 l/m²; Vitoria-Gasteiz (Abetxukoko estazioa), 53,5 l/m²; eta Guardia (Páganoseko estazioa), 60,8 l/m².