2011ren eta 2018aren artean Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren zerbitzu eta prestazioetako gastu publikoak 223 milioi euroan egin zuen gora

0
PRUEBA

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, gaur, Eusko Legebiltzarrean azaldu duenez, 2011ren eta 2018aren artean, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren zerbitzu eta prestazioetako gastu arrunt publikoak 223 milioi euroan egin zuen gora, eta, 2018an, 1.055 milioi eurora iritsi zen; beraz, “zazpi urte lehenago ez zegoen” laurden bat igo da. “Eta garrantzitsua da gogoratzea bilketak ez zuela 2007koa gainditu 2017ra arte”, esan du.  “Eskuragarri dauden diru-sarreren eta gastuaren arteko desberdintasun horri, teknikoki, ahalegina esaten zaio. Eta Euskadiko administrazio publikook, gizarte-zerbitzuen arloan, hala egiten ari gara”.

Sailburua, berak eskatuta, Eusko Legebiltzarreko Gizarte Politiken eta Gazteriaren Batzordean azaldu da, 2016-2019rako EAEko Gizarte Zerbitzuen Plan Estrategikoaren ebaluazio-txostenaren ebaluazioa aurkezteko, Gizarte Zerbitzuen Erakundeen arteko Organoa eratzen duten erakundeekiko ebaluazio-prozesua itxi eta Gizarte Zerbitzuen Euskal Kontseilua entzun ondoren. Hartan, Artolazabalek ikuspegi “kritikoa” eskaini du, etengabeko hobekuntza lortzeko, “esperientziatik abiatuta eta 2022an bigarren plan estrategikoa onesteari begira”.

Lortutako gastu gehigarriko 222,8 milioietatik, udal-gastuak, 2011ren eta 2018aren artean, 22,05 milioi egin zuen gora (184,39tik); foru-gastuak 197,33 egin zuen gora (858,9tik), eta Eusko Jaurlaritzaren gastuak 3,47 egin zuen gora (11,68tik). Guztira, % 21,12ko igoera. “Erakundeok jarraituko dugu handitzeko ahalegina egiten, gizarte- eta demografia-aldaketa esanguratsuei erantzuteko, besteak beste honako hauei: zahartzea eta krisiaren inpaktua, aurrekoari gehitu zaiona, eta gizarte-premiak, zehazki bazterketaren eremukoak”, esan du.

Ahalegin horrekin bat etorriz, aurrera egin da Mapan aurreikusitakoaren arabera zerbitzu eta prestazio ekonomikoen zabalkundean, eta plaza-kopurua handitu egin da (5.665 gehiago 2011ren eta 2018aren artean, guztira 33.265 izanik 2018an, zerbitzua kontratatzeko prestazio ekonomikoak barne hartuta bai 2018an bai 2011n).

Ebaluazioa

Artolazabalek azaldu duenez, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren lehen ebaluazioa da, araudian honela definitu zenetik: erantzukizun publikoko sistema unibertsala da, eta haren prestazio eta zerbitzuen katalogora jotzea eskubide subjektibo gisa bermatzen da. Beraz, “plangintza eta ebaluazioaren lehen ekitaldia da”.

Sailburuak gogoratu du, era berean, sistema publiko osoa dela, Euskadiko administrazio publikoko hiru mailetatik antolatzen dena eta titulartasun publikoko eta pribatuko eta itunduko zerbitzuek eta ekipamenduek eratzen dutela. Gainera, Artolazabalek honela definitu du: “gizarte-babeseko sistema osoa, Euskadin ongizate-estatuko oinarri gisa kalifikatzen eta eratzen dena, beste sistema batzuekin batera, besteak beste hezkuntzakoarekin edo osasunekoarekin batera”.

Gizarte-sistema hori eskubide subjektibo gisa finkatzen ari da zerbitzu eta prestazio ekonomikoen katalogo zabal baterako sarbidea. Katalogo horrek lehen eta bigarren mailako arreta-baliabideak dakartza, batetik, herritar guztietan ahalik eta autonomia gehienari eutsiz gizarte-integrazioa sustatzeko, eta, bestetik, edozein pertsonarengan, bizi-zikloan, eragina izan dezaketen –eragin-maila edozein dela ere– lau kontingentzia prebenitzeko eta haiei arreta emateko, alegia babesgabezia, mendekotasuna, bazterketa eta/edo desgaitasuna).

Autokritika

Sailburuak esan duenez, autokritika beharrezkoa da “hurrengo plan estrategikorako erronkak detektatzeko”, eta lau puntu aipatu ditu:

  1. Etxeko laguntza-zerbitzua dela eta: sakon berrikusi behar da, etxean ematen den arreta erabat birplanteatzeko esparruan. Nahiz eta azken urteotan estaldurak pixka bat berreskuratu diren, intentsitatea etengabe ari da behera egiten eta zerbitzuak analisia eta birplanteamendua behar ditu.
  2. Adinekoentzako ostatu-zerbitzuak direla eta, honako hau esan du: zerbitzu-ereduaren inguruan hausnartu behar da (ostatukoa, eguneko arreta…), erkidegoan adinekoentzako arreta-ereduaren gaineko hausnarketa orokorraren esparruan, eta lurralde bakoitzaren ezaugarrietara egokitu behar da eredua eta hiri- eta landa-eremuaren arteko desberdintasunak kontuan izan behar dira.
  3. Atseden hartzeko zerbitzua eta lehen mailan atseden hartzeko zerbitzuaren aldaerak direla eta, Artolazabalen iritziz funtsezkoak dira zaintzen orekarako eta iraunkortasunerako.  Hori dela eta, familiarteko batek edo zaintzea erabakitzen duenak zaintzen duen pertsonaren erakunde-zaintza sendotu egin behar da.
  4. Gizarte-inklusioko beharrei arreta emateko gaueko harrerako zentroak eta bazterketa- eta marjinazio-egoeran dauden pertsonentzako egoitza-zentroak edo Arabako eguneko zentroak direla eta, zentro horien analisia lurraldean bazterketa-sarearen antolaketaren inguruan egin behar den plangintzarekin lotu behar da, lehen mailako eta bigarren mailako arreten arteko lankidetzatik eta haien deszentralizaziotik abiatuta, Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko egoerak kontuan hartuta.

Sailburuak, hitz egiteko lehen txanda amaitzeko, honako konpromiso hau berretsi du Legebiltzarraren egoitzan: Eusko Jaurlaritzak “aukera-berdintasuna, emakume eta gizonen berdintasuna eta gizarte-kohesioa ziurtatzeko funtsezkoa den sistema sendotzen eta hobetzen jarraitzeko” duen konpromisoa