Lapatx trantsizio ekologikorako ingurumen eragile bihurtzeko plan estrategikoa garatzen ari da

0
Aldaketarako prozesu batean murgilduta dago azken hilabeteotan Lapatx Zabortegia. Bere historian lehen aldiz, bere zeregina birdefinitzeko momentua iritsi da. Etorkizunari anbizioz heltzeko unea du. Ingurumen arloan erronka handiak izango dira datozen urteotan, eta horregatik, plan estrategiko bat egin du, erronka horiei heltzeko moduko baliabideak eta proiektuak sortu eta garatzeko.

2016. urtean zaborra jasotzeari utzi zionetik, eraldaketa prozesu batean murgildurik dago. Zaborra lurperatzeari uztearekin ez zen ezer amaitu. Zeregin horri utzi ondorengo ere, urteetan egin beharreko zigilatze eta beste hainbat betebehar ere badituelako. Hala ere, horri jarraipena emateaz gain, datozen urteotan eman beharko den trantsizio ekologikorako ingurumen eragile izatea du helburu.

Orain artean bezala, kalitatezko zerbitzu publikoak eskaintzeaz gain, trantsizio ekologikorako ingurumen eragile izateko pausoak emateko lanean ari da. Hala, aldaketa klimatikoan eragina eragozteko, jasangarritasuna, ekonomia zirkularra eta trantsizio energetikoaren baitako proiektuak gauzatzeko helburuarekin ari da osatzen plan estrategikoa. Etorkizuneko proiektu guztiak, nola ez, eskualde osoko herritarren beharrei eta herrien beharrei erantzuteko bideak izatea nahi da.

Aitor Bereziartua Urola Erdiko Lapatx Zabortegi eta Mankomunitateko lehendakariak “ilusioz” begiratzen dio etorkizunari. “Aldaketarako momentua da. Ingurumen arloan erronka handiak aurreikusten dira datozen urteotako, eta eskualdean aldaketa hori gauzatzeko baliabidea izan nahi du Lapatxek. Eskualdeko herri guztien etorkizuneko erronkei heltzeko aukerak eskaini nahi dizkie Lapatxek”.