Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu du, Hezkuntza sailburuaren proposamenez, Lanbide Heziketako heziketa-zikloak eskaintzen dituzten itunpeko ikastetxeetan irakasleentzat burutzen dituzten prestakuntza-jarduerak diruz laguntzen dituen Agindua. Prestakuntza-jarduera horiek 2021-2022 ikasturtean burutuak izan beharko dute.
Deialdi honek 169.600 euroko diru kopurua du. Ikastetxe bakoitzak jaso dezakeen dirulaguntzarik handiena 32.000 eurokoa izango da, hautatutako prestakuntza-jarduera guztiengatik. Deialdian parte hartu ahal izango dute, Euskadin Lanbide Heziketako heziketa-zikloak eskaintzeko baimenduta dauden itunpeko ikastetxe pribatuek.
Laguntza hauek eskatzeko interesa duten ikastetxeek, eskaintzen dituzten heziketa-zikloekin zerikusia duten prestakuntza-jarduerak aurkeztu beharko dituzte deialdira. Prestakuntza-jarduera bakoitzak gutxienik 10 orduko iraupena izan beharko du, eta 35 ordukoa gehienez.
Hurrengo ikasturteari begira, besteak beste, honako arlo hauekin loturiko prestakuntza-jarduerak bultzatuko dira: lanbide-espezializazioko programak ematea; lanbide-orientazioa; metodologia aktibo-kolaboratiboak aplikatzea prestakuntza- eta ikaskuntza-prozesuetan; teknologia aurreratuak erabiltzea prozesu horietan eta edozein espezialitatetako irakasleen artean ekintzailetzaren kultura indartzen duten ekintzak; edo STEAM kultura. Beraz, irakasleek irakasgai horietako batean dituzten gaitasunak hobetzen laguntzen duten prestakuntza-ekintzek puntuazio handiagoa izango dute eskabideak baloratzean.
Honako gastu hauek ordaintzeko erabili beharko dira deialdi honen bidez jasotako laguntzak: ikastetxez kanpoko adituak kontratatzeak eragindako gastuak, edo prestakuntza-jardueretarako berariaz eskuratutako materialen gastuak ordaintzeko. Jasotako dirulaguntzak bateraezinak izango dira helburu berbera duten beste deialdi batzuetatik jasotako laguntzekin.