Legez kanpoko jokoaren aurkako nazioarteko I. Jardunaldian parte hartu du Aitor Uriartek

0

Aitor Uriarte Joko eta Ikuskizunen zuzendariak Legez kanpoko jokoaren aurkako nazioarteko I. Jardunaldian parte hartu du gaur bideokonferentzia bidez. Jardunaldia Joko Arduratsuaren Nazioarteko Mugimenduak antolatu du joko arduratsurako eta jasangarrirako bide-orri bat ezartzeko. Lehenengo jardunaldi honetan aztertu dute pandemiaren osteko sektorearen egoera eta esparru honetan legez kanpoko egoerek izan duten gorakada, hain zuzen ere, herrialde gehienetan legeria gogortu izanaren ondorioz.

Aitor Uriartek, bere esku-hartzeari hasiera emateko, Euskadin jokoaren egungo egoera zein den deskribatu du eta, hortik abiatuta, Euskadiko planifikazio-eredua azaldu du. Adierazi du eredu integrala dela eta eskaintza nahiz gizartearen eskaera aztertzen dituela, emaitza merkatu arrazionala eta konpentsatua izan dadin. Eusko Jaurlaritzaren azken helburua da:

  • Era horretako jardueren neurrigabeko garapena saihestea.
  • Jokoaren arriskuen gainean kontzientziatzea eta sentsibilizatzea, bereziki nerabeak eta gazteak.
  • Adingabeek eta debekatuta duten pertsonek jokatu ahal izatea eragoztea.
  • Jokoaren erabilpen desegokiarekin zerikusia duten arriskuak murriztea eta adikzio-arazoak dituztenei tratamendu integrala ematea.

Eusko Jaurlaritzako Joko eta Ikuskizunen zuzendariak Jokoaren Euskal Behatokia jarri du Euskadin jokoaren egoera zein den ikertzeko eta aztertzeko oinarrizko organo iraunkorraren adibide gisa. Organoaren lanari esker, Euskadik fenomenoari buruzko ikuspegi erreala du, eta, gainera, beste lurralde batzuetako esperientziarekin alderatuta. Informazio erreal horri esker, Administrazioa politika publikoak ezartzen eta ebaluatzen joan daiteke, etengabe moldatzeko eta hobetzeko.

Azkenik, Aitor Uriartek Ertzaintzako Joko eta Ikuskizunen Unitatearen lana azaldu du. Unitate hori arduratzen da Euskadiko lurraldean jokoaren sektoreko alderdi administratiboak eta teknikoak ikuskatzeaz, zaintzeaz eta kontrolatzeaz. Bere lana oinarrizkoa da iruzurra edo legez kanpoko jokoa, baimendu gabea, eragozteko ere.

HIZLARIAK

Hauek izan dira foroan parte hartu dutenak:

  • Manuel Antonio San Román, Peruko Gobernuko Joko, Kasino eta Txanpon-makinen arloko zuzendari nagusia.
  • Elizabeth Maya Cano, Kolonbiako Zorteko eta Ausazko Jokoetako Enpresarien Korporazio Nazionaleko presidentea.
  • Rodolfo Jiménez, Txileko Ikerketako Poliziako ikertzailea eta abokatua.
  • Javier Molinera de Diego, Polizia Nazionaleko Apustuen Kontrol Zerbitzuko burua.
  • Xavier Salvadó, Esquadra Mossoetako Joko eta Ikuskizunen Unitate Nagusiko burua.
  • Jesús Carrascosa, Foru Poliziako Joko eta Ikuskizunen Brigadako agente lehena.