Covid-19aren eraginpean dauden sektoreei 270 milioi euro inguruko zuzeneko laguntzak emango zaizkie

0
Sede del Gobierno Vasco, Lakua
PRUEBA

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren osteko ohiko prentsaurrekoan, Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuarekin, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuarekin eta Gotzone Sagardui Osasun sailburuarekin batera.

Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak jakinarazi du Gobernu Kontseiluak onartu duela Covid-19aren eraginpean dauden enpresen eta autonomoen kaudimenari laguntzeko zuzeneko laguntza finalistak kudeatzeko aginduari bide emango dion dekretua. Horrela, azaldu du Euskal Autonomia Erkidegoan, laguntza horiek gutxi gorabehera 270 milioi eurokoak izango direla —218 milioi euro Estatuko funtsekin finantzatuak eta 50 milioi euro Eusko Jaurlaritzak jarritakoak—. Laguntza horiek 173 jarduera ekonomikori zuzenduko zaizkio, 78 JESN jarduera ekonomiko berri gehitu baitzaizkie Errege Dekretuan jasotako 95 JESNei. Kalkulatzen da gutxi gorabehera 35.000 onuradunek jaso ahal izango dituztela laguntzak.

Datorren uztailaren 5ean irekiko da deialdia, eta uztailaren 30era arte aurkeztu ahal izango dira eskabideak.

Azpiazu sailburuak azpimarratu nahi izan du, Errege Dekretuak ezartzen duenez, laguntza horiek ordaintzeke dauden zorrak estaltzeko soilik erabiliko direla.

REGIONAL INNOVATION SCOREBOARD 2021

Bere aldetik, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak Euskadik Regional Innovation Scoreboard 2021ean lortutako emaitza baloratu du, Europako hainbat eskualdetako berrikuntzaren errendimendua ebaluatzen duen txostena.

Tapia sailburuak azpimarratu du Europako Batzordeak uste duela Euskadi «bikaintasun-poloa» dela, hau da, berrikuntza handiko eskualdea dela berrikuntza moderatuko herrialde batean. Europako Batzordeak aitortu duenez, Euskadi berrikuntza handiko eskualdea da, Euskadiren errendimendua EBko batez bestekoa baino handiagoa da, eta Estatuko lekurik onenean dagoen eskualdea da, Madrilgo Erkidegoarekin batera, berrikuntza handiko autonomia-erkidego bakarra da.

Euskadiko berrikuntza-sistemaren indarguneak eta hobekuntza-puntuen inguruan, sailburuak azaldu du indargune nagusiak honako hauek direla: produktu berrien salmentan eta ezaguera intentsiboko sektoreetako enpleguan berrikuntzak duen eragin handia, eta bertako gazteen kualifikazio handia. Erronkei dagokienez, berriz, esan du Euskadik ETE berritzaileen ehunekoa handitzeko beharrari eusten diola.

Amaitzeko, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak hobekuntza-puntuetan eragiteko konpromisoa adierazi du, baita lankidetza publiko-pribatuaren berrikuntza areagotzen jarraitzeko konpromisoa berretsi ere.

GOBERNU KONTSEILUAREN BESTE AKORDIOAK

Era berean, Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak gaurko bileran lortutako beste akordio batzuen berri eman du.

Zupiria sailburuak jakinarazi du gaur goizeko Gobernu Kontseiluak berretsi egin duela Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren irizpidea, konpainiako animaliak babesteko lege-proiektuaren tramitazioa aintzat hartzekoa. Eusko Alderdi Jeltzaleak eta Euskadiko Alderdi Sozialistak elkarrekin aurkeztutako lege-proposamena da hau.

Eusko Jaurlaritzak onartu ditu 2021ean Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritzako produktuak, elikagaiak, arrantzako produktuak eta basogintzakoak Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo sustatzeko laguntzak. “Lehiatu Sustapen Programaren” laguntzak dira, eta 500.000 euroz zuzkitu dira.

Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak GASTROKOP programaren 2021erako laguntzen deialdiaren oinarriak onartu ditu, gastronomiaren arloan gutxienez 2 erakundek lankidetzan egindako berrikuntza proiektuak finantzatzeko.  Programaren lehen edizioan 2,5 milioi euro zuzkituko dira, eta exekutiboak nekazaritzako elikagaien kate osoaren modernizazioan eta posizionamendu estrategikoan aurrera egiteko egiten duen apustu irmoaren barruan kokatzen da.

Osasun arloan, Gobernu Kontseiluak gaixoen eta haien familien kolektiboen bizi-kalitatea hobetzeko eta osasuna sustatzeko jarduerak egiteko laguntzen agindua onartu du. Guztira 550.000 euro banatuko dira, alde batetik, gaixoen eta haien familien kolektiboek osatutako irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimeneko elkarteei zuzendutako laguntzetarako 300.000 euro, eta bestetik, osasuna sustatzeko jarduerak egiteko dirulaguntzetara beste 250.000 euro gehiago bideratuko dira.

Hezkuntza arloan, Gobernu Kontseiluak gaurko bileran baimendu du 44,2 milioi euroko kopurua bideratzea Hezkuntza Sailaren menpeko ikastetxe publikoetako eskola-garraio zerbitzua kontratatzeko, datozen hilabeteetarako. Zehazki, 484 ibilbide lizitatuko dira.

Gainera, Gobernu Kontseiluak ikerketa lanetan laguntzeko Ikasiker beketarako deialdia onartu du gaurko bileran. 330.000 euroko zenbatekoarekin, 220 beka eskainiko dira, eta beka jaso duten ikasleek Euskal Unibertsitate Sistemako ikerketa-taldeetan, BERCetan, Ikerketa Sanitarioko Institutuetan edo Ikerketa Kooperatiboko zentroetan eman ahal izango dute laguntza.

Halaber, Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu du Lanbide Heziketako heziketa-zikloak eskaintzen dituzten itunpeko ikastetxeetan irakasleentzat burutzen dituzten prestakuntza-jarduerak diruz laguntzen dituen Agindua. Prestakuntza-jarduera horiek 2021-2022 ikasturtean burutuak izan beharko dute.

Azkenik, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak jakitera eman du Gobernu Kontseiluak  290.000 euroko diru-partida onartu duela euskal kultura-ondarea katalogatu, digitalizatu, kontserbatu eta zabaltzeko proiektuak laguntzeko. Helburua da euskal kultura-ondarearen funts analogikoak baliabide digital bihurtzea.