Donostiako Gazteentzako MartxUp! programak proiektuak aurkezteko epea ireki du

0

MartxUp! 2021 programan ideiak eta proiektuak aurkezteko epea ireki da eta zabalik izango da ekainaren 25etik uztailaren 25era arte. Donostiar gazteen ideiak landu eta horiek garatzen laguntzeko helburua du ekimenak; gazteak hiriko gizarte, kultura eta ekonomian era aktiboan ekitera bultzatzeko.

Parte hartzeko eskaera www.martxup.eus orrialdean aurkeztu behar da. Deialdian 18 eta 30 urte bitarteko gazteek parte hartu ahal dute banaka nahiz taldeka. Halaber, proiektuak hautatuak izanez gero, taldean landu beharko dira; bi eta lau pertsona arteko taldetan, hain zuzen. Eta parte hartu ahal izateko, taldekideetako batek, gutxienez, donostiarra izan beharko du.

Proiektuen jarduera eremua askea da, betiere, genero, arraza eta bestelakoekiko baztertzailea ez bada. Era berean, aurkeztu ahal izango dira dauden fasean daudela: zirriborro, garapen edo inplementazioa. Hori bai, proiektuek bi ezaugarri bete beharko dituzte: hein handienean Donostian izango dute garapen eremua eta Donostia edo hiritarren onurarako zuzenduak izango dira.

MartxUp!-eko epaimahaiak proiektuen balorazioan kontuan hartzen dituen bestelako irizpideak honako hauek dira: bideragarritasuna, originaltasuna, berrikuntza eta zehaztapen maila.