Gobernu Kontseiluak gaurko bileran baimendu du, Hezkuntza sailburuaren proposamenez, 44.258.171,70 euroko kopurua bideratzea Hezkuntza Sailaren menpeko ikastetxe publikoetako eskola-garraio zerbitzua kontratatzeko, datozen hilabeteetarako. Zehazki, 484 ibilbide lizitatuko dira.
Lizitatu beharreko ibilbide kopuru altua aintzat hartuta, eta enpresa txiki eta ertainen kontrataziorako sarbidea errazteko helburuz, lurralde historiko bakoitzeko kontratazio-espediente bat lizitatuko da, era honetan banaturik:
– Araba: eskola-garraioko 140 ibilbide eskainiko dira lehiaketara, 10.344.620,88 euroko lizitazio-aurrekontuarekin.
– Gipuzkoa: guztira 145 ibilbide eskainiko dira lehiaketara, 15.885.361,80 euroko lizitazio-aurrekontuarekin.
– Bizkaia: eskola-garraioko 199 ibilbide eskainiko dira lehiaketara, 18.028.189,08 euroko lizitazio-aurrekontuarekin.
Ibilbide bakoitzak lote bat osatzen du (kontratu bat). Ezingo zaizkio 30 lote baino gehiago esleitu lizitatzaile berari. Kontratuek 20 hilabeteko iraupena izango dute, uztaila eta abuztua kontuan hartu gabe, eta luzatzeko aukera izango da.
Ibilbide hauen esleipenerako lehiaketan parte hartu nahi duten garraio enpresek, zerbitzua garatzeko beharrezko den administrazio-baimena izan beharko dute –Bidaiarien Errepideko Garraioari buruzko 4/2004 Legean aurreikusia-. Horrez gain, 443/2001 Errege Dekretuak eta 894/2002 Errege Dekretuak (aurrekoa aldatzen duenak) eskola-garraioko eta adin txikikoen garraiorako segurtasun baldintzei buruz ezartzen dituzten gutxieneko baldintzak ere bete beharko dituzte.
21.087 ikasle garraiatu
Eskola-garraioko zerbitzu osagarriak hezkuntzarako sarbidearen unibertsaltasuna bermatzen du. Hezkuntza Sailak kudeatzen duen eskola garraioa erabiltzeko eskubidea dute bizilekutik ikastetxera 2 kilometro edo gehiagoko distantzia duten ikasleek, Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen zikloan. Gutxieneko distantzia hori 4 kilometro edo gehiagokoa izan beharko da DBHko bigarren zikloan eta Oinarrizko Lanbide Heziketan, eta 500 metrokoa besterik ez mugikortasun urriko ikasleen kasuan.
2020-2021 ikasturte honetan, ikastetxe publikoetan ikasten ari diren 21.087 ikasle garraiatu dira egunero Euskadin, orotara 259 ikastetxe publikori zerbitzua ematen dieten 581 ibilbideetan.