Ertzaintzaren buruak adierazi du aurtengo udan Ertzaintzak eta Udaltzaingoek koordinatuta lan egingo dutela baterako zaintza-dispositiboen bidez jende asko elkartzen den lekuetan. Adierazpenok ETB1eko Egun On Euskadin programan egin ditu.
Josu Bujanda Ertzaintzaren buruak herritarren erantzukizuna eta laguntza ere eskatu ditu aurtengo udan, bihar, San Juan bezperan, hasita, Euskadiko herrietan ospatuko diren jai eta egun seinalatuetarako.
Ertzaintzak eta Udaltzaingoek jendea elkartzen den leku jakinak zainduko dituzte, eta patruila koordinatuen bitartez zaintza eta segurtasun estaldura handiagoa eman ahal izango dute. Josu Bujandak gogorarazi du garrantzizkoa dela jende-pilaketak saihestea, eta debekatuta dagoela eremu publikoetan alkoholdun edariak kontsumitzea.
Baterako dispositiboak une bakoitzean indarrean dagoen osasun-araudia errespetarazteko eta behar den unean eta behar den lekuan maskara erabiltzen den zaintzeko ere izango dira.
Ertzaintzaren buruak adierazi du polizia-jarduerak konplexuak izaten direla botiloiak, “festak” eta antzekoak egiten direlako patruilei deitzen zaienean; izan ere, modu orekatuan jardun behar izaten da, orokorrean pertsonek arduraz jokatzen duten arren, patruilen kontrako istiluak ere sor baitaitezke talde txikien aldetik, eta, zenbaitetan, alkoholdun edariak kontsumitu dituzten pertsonak ere izaten baitira tartean.
Era berean, Josu Bujandak jakitera eman du Ertzaintzaren eta Udaltzaingoen dispositiboak herritarren babesaren arlo guztietara hedatuko direla etxebizitzetako lapurretak eta eremu publikoetako beste delitu batzuk saihesteko.