40 urtetik beherakoak deitzen hasi da Osakidetza txertoa jartzeko

0
PRUEBA

Gotzone Sagardui Osasun sailburuak jakinarazi duenez, une honetan Osakidetza 49-40 urte bitarteko kolektiboa txertatzen ari da, eta, aste honetan, bigarren dosia emango diete 60 urtetik gorakoei Aztrazenecarekin. Gainera, aste honetan bertan ere, Osakidetza 40 urtetik beherakoei hitzorduak ematen hasiko dela nabarmendu du, datorren astetik aurrera txertoa jartzeko.

Bestalde, 50-59 urte bitarteko taldea ia amaituta dagoela adierazi du. «Edozein arrazoi dela medio, Osakidetzak zitaziorako bidalitako mezuak jaso ez dituzten pertsonei deitu die Osakidetzak. Nolanahi ere, egoera horretan egon daitezkeen 50 eta 59 urte bitarteko pertsonek webgunea zabalik izango dute hitzordua eskatzeko, edo Osakidetzara jo ahal izango dute txertoa eskatzera, osasun-zentrora deituz eta txertoa hartzeko aukera sakatuz», azaldu du.

Gaur egun, Euskadin 1.065.157 pertsonak dute COVID-19ren aurkako txertoaren dosi bat gutxienez, hau da, % 62,6k; eta % 42,3k osatu dute txertaketa jarraibidea.

Aste honetan izango den txertoen aurreikuspenari dagokionez, Pfizerretik partida handiena espero da, 141.570, eta atzo 71.370 dosi iritsi ziren; AstraZenecatik 23.900 dosi iritsiko dira gaur; eta ostegunean 6.200 Janssenetik.

Europar Batasunaren Covid ziurtagiri digitala

Europar Batasunaren Covid ziurtagiri digitalari buruz, Sagardui sailburuak jakitera eman du gaurtik aurrera ziurtagiria sinadura elektronikoko tresnarik gabeko aukera telematikoaren bidez eskuratu ahal izango. Hau da, interesdunak bere OTI txartelaren zenbakia, jaioteguna eta lehen abizena sartu beharko ditu. Horrela, telefono mugikorrera gako bat bidaliko da, eta webgunearen aplikazioan sartu ondoren, dagokion ziurtagiria eskuratu ahal izango da.

Gainera, Saila lanean ari da aste honetan zehar diagnostiko negatiboa egiteko aukera ere eskuragarri egon dadin. Horretarako, lankidetza-sistema bat ezarri da Euskadiko laborategi pribatuekin, horiek izango baitira ziurtagiri mota hori emateko arduradunak.

Uztailaren 1era arte, ziurtagiriari buruzko informazioa eguneratuko da herritarrei zerbitzu hori ahalik eta ondoen eskaintzeko, orain arte Euskadin 52.068 pertsona baino gehiago deskargatu dute ziurtagiria.

Covid-19 intzidentzia Euskadin

Osasun sailburuak koronabirusak Euskadin duen eraginari buruzko datu eguneratuak eman ditu jakitera eta azpimarratu du nahiz eta oraindik urrun gauden ZIUen oinarrizko agertokitik (219 ohe) edo 100 mila biztanleko 60 kasuren intzidentzia metatutik, aurrera egiten jarraitzen dugula eta itxaropena izateko arrazoiak ditugula.