Balorazio Batzordeak “jarduketa-ereduak” antzeman ditu giza eskubideen urraketak aitortzeko aztertzen ari den espedienteetan

0

Euskal Autonomia Erkidegoan 1978aren eta 1999aren artean motibazio politikoko indarkeriaren testuinguruan giza eskubideen urraketak jasan zituzten biktimen aitorpenerako eta erreparaziorako Balorazio Batzordeak gaur aurkeztu du lehen txostena, 2018ko uztailaren 10ean eratu zenetik. Hala ere, etengabeko prozesu judizialen eta ondoko pandemiaren ondorioz, ezin izan da lanean hasi 2020. urteko erdialdera arte.

Orain, diziplina anitzeko batzorde horrek –historialariak, juristak, peritu forentseak, biktimen adituak, eta abar daude– Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen, Berdintasunaren eta Justiziaren Batzordera jo du, lehen lan-urteko ondorioak aurkezteko. Aurkezpena Batzordeko presidenteak, Juana Balmasedak, eta Jon Mirena Landa bozeramailekideak egin dute.

Jaun-andreei azaldu dietenez, jaso dituzten espedienteen analisi xehatua egin ondoren atera duten ondorio nagusietako bat da “nolabaiteko jarduketa-eredua” antzeman dutela erabilitako tekniken eta etimologia kriminalaren inguruan: poltsa, bainuontzia, kolpeak, ahatea, gurpila”, esan du Landak. Gainera, honako hauek ere erregistratu zirela esan du: “etengabeko apalkuntzak, loa sistematikoki kentzea, ingurune-beldurrezko giroa, ekintza familiarteko eta lagunetara zabaltzeko mehatxuak, hirugarrenekoen oihu errealak edo grabatuak jasanaraztea”.

Ildo beretik, Balorazio Batzordeko bozeramailekideak esan du “ohiko jokabide-eredua” antzeman dutela “giza eskubideen urraketak” ikertzeko eginbeharra ez betetzean, bai eta “bermeez edo legezkotasunez” arduratu ez zen epailetzaren jarreran ere.

Baieztapen horiekin batera adibide oso xehatuak ere aurkeztu dira, ebaluazio-prozesuan jaso dituzten lekukotzei esker.

Zentzu horretan, Balorazio Batzordeak agerraldian erabili duen lan-metodologia azaldu du: biktimekin elkarrizketak egitea, “kasu gehienetan, inpaktu emozional handikoak”; bilera eta eztabaidak batzordekide guztiekin, kasu bakoitza xehetasunez aztertu ondoren; informazio osagarriaren eskaera; “gertakariak ezagutzen dituzten pertsonekin lekukotzak”; koordinazioa peritu forentseekin, eta testuinguru historikoen analisi bereziak.

55 espediente aztertzen; 35 ebatzita

Juana Balmasedak Eusko Legebiltzarrean iragarri duenez, Balorazio Batzordeak 55 espediente aztertzen ari da, baina, horietatik, 35, dagoeneko, ebatzita daude, eta “aitorpenerako eta erreparaziorako proposatu” dira, “bizitzarako, osotasun fisikorako, psikikorako, sexualerako edo moralerako eskubidearen urraketa larria” egiaztatu ondoren.

Ganbera barruan, Balmasedak esan du 55 espedienteak 12 emakumerenak eta 43 gizonenak direla, 24 eta 50 urte bitartekoenak. “Zazpi biktima adingabeak ziren, gertakariak izan zirenean”, egiaztatu denez.

Bizkaia (39) da aztertutako espediente gehien izan duen lurraldea; ondoren Gipuzkoa (10), Araba (4), Nafarroa (1) eta Madril (1). Urteak direla eta, 1972a izan zen intzidentzia gehien erregistratu zuena, 12 espediente; 1975ean, 11, eta, 1976an, 8.

Hamaika kasutan, biktima hil egin zen, eta 36 kasutan tortura edo tratu txarrak izan ziren motiboak. Filiazio politikoa dela eta, ia erdiak ez zuen loturarik ideologia batekin ere; gainerakoak espektro politiko eta sozial zabalekoa ziren.

Juana Balmasedak aurkeztutako kasuen azterlanean biktimen genero-ikuspegiaz ere hitz egin du, eta “genero-motiboengatiko apalkuntzaren osagai erantsi” gisa definitu du. “Ohiko abusu-polizia jarduketez” jardun duenean, “indarkeria, ukitze, gehiegizko miaketa, motiborik gabeko biluztasun, eta abarretarako mehatxu” gisa jardun du.

Biktimekin duen harremana dela eta, Jon Mirena Landak honako hau nabarmendu du: “oso positiboki baloratzen dute arreta jasotzea eta haien lekukotza entzutea, hainbaten isildua izan dela kontuan hartuta, ondorio askatzaileak eragiten baititu…”. Azaldu du, era berean, “jendeak gertatu zaiena jakin dezan nahi” dutela; izan ere, batzuetan, “haien egia eta errealitatea desitxuratzen eta erasotzen dituzten eta gertakizun horiek ezkutatu eta ezeztatu nahi dituzten kontaketak” daudela antzematen dute.

Amaitzeko, Balorazio Batzordeak erakundeentzat eta indar politikoentzat proposatzen dituzten gomendio batzuk azaldu dituzte Juana Balmasedak eta Jon Mirena Landak. Hori horrela, beharrezkotzat jotzen dute “urtero aitorpen-ekitaldi publiko bat” egitea, eta “zuhurtzia eta biktimaren aldeko begirada eskatu dute, hainbeste urtez ahaztuta egotearen zama daramaten pertsona horiek berriro biktima ez bilakatzeko”.