Uda honetan Ertzaintzak eta Udaltzaingoek segurtasun-dispositibo bateratuak antolatuko dituzte

0
PRUEBA

Delituei aurrea hartzeko eta Covid-19ari aurre egiteko osasun-araudia betetzen dela zaintzeko

Uda iristear dagoenez, eta Euskadiko herrietan eta aisialdiko lekuetan jende asko pilatuko dela aurreikusita, Ertzaintzak eta Udaltzaingoek herritarrak babesteko operatibo bereziak jarriko dituzte abian eta koordinatuta jardungo dute, alde batetik, gorabeherei eta delituei aurrea hartu ahal izateko eta, bestetik, koronabirusaren pandemiari aurre egiteko indarrean dauden osasun-arauak betetzen direla zaintzeko. Segurtasun Sailetik hainbat gomendio eman nahi dituzte, eta herritarren laguntza eta ardura eskatzen dute jende pilaketak saihesteko, aforoak errespetatzeko, segurtasun-tarteak gordetzeko, maskara erabiltzeko, eta, horrez gainera, gogorarazten dute debekatuta dagoela eremu publikoetan alkoholdun edariak kontsumitzea.

Ertzaintzaren eta udaltzaingoen polizia-dispositibo bateratu eta koordinatu horiek prebentzio-lanak indartuko dituzte, hain zuzen ere, gorabeherak eta delituak saihesteko jende asko elkartzen diren egunetan eta lekuetan, besteak beste, herriguneetan, aisialdiko eta jolaserako eremuetan, hondartzetan, etab.

Halako jende pilaketetan, udako hilabeteetan, diru-zorro eta telefono mugikor gehiago lapurtzen dituzte, eta herritarrei eskatzen zaie, beraz, ondo zaintzeko euren gauzak. Horrez gainera, arreta berezia jarriko da sexu-askatasunaren aurkako delituen prebentzioan, eta era horretako erasoetarako arrisku handieneko lekuak zainduko dituzte. Patruilek berehala jardungo dute behar izanez gero, eta herritarren eskakizunei erantzunez.

Bestalde, EAEko errepideetan alkoholemia eta droga kontrolak egingo dituzte trafiko-istripuen kopurua murrizteko.

Covid-19ari aurre egiteko osasun-araudia

Koronabirusak eragindako pandemia-egoeraren aurrean, eta kutsatuen zifrak behera egiten ari diren arren eta txertoa hartuta gero eta herritar gehiago dauden arren, Segurtasun Sailak herritarrei udako hilabeteetan modu kontrolatuan jokatzeko eta arduratsuak izateko mezua helarazi nahi die, gizarte-harremanak areagotu egiten baitira eta kalean eta aisialdiko lekuetan jende gehiago ibiltzen baita garai honetan.  Horrela, herritarren laguntza eskatzen du indarrean dauden osasun-arauak betetzeko, hau da, jende-pilaketak saihesteko, aforoak errespetatzeko eta segurtasun-tarteak gordetzeko, eta maskara erabiltzeko ere eskatzen du. Ertzaintzak eta udaltzaingoek elkarrekin zainduko dute osasun-arau horiek betetzen diren.

Segurtasunarekin zerikusia duten gomendioak 

  • Opor-garaiaz gozatu behar da, baina batzuk besteen lepotik “aberasten” saiatuko direla ahaztu gabe. Kontuan izan, batez ere, “karteristak” ibiliko direla jende asko dagoen lekuetan.
  • Diru-zorroa eta telefono mugikorra ez eraman agerian, jakaren barruko poltsikoan edo praken aurreko poltsikoan eraman, eta poltsak eta motxilak beti ondo kontrolatuta izan; hobe da gorputzera lotuta eramatea uhaletik zintzilik edo bizkarrean eramatea baino. Oso kontuz ibili jende asko dagoen lekuetan edo ekitaldietan. Nolanahi ere, beharrezko dokumentazioa bakarrik ibiltzea gomendatzen da, eta, ahal dela, etxeko giltzekin batera ez eramatea.
  • Kutxazain automatiko batetik dirua atera behar izanez gero, hobe da beste norbaitekin joatea, eta barruko kutxazainetan ateratzen saiatzea.
  • Zerbait ebatsi edo lapurtu badizute, jakinarazi, eta ahalik eta azkarren eman baja kreditu-txartelei eta mugikorrari.
  • Ahal dela ez aldendu leku apartatuetara edo parke bakartietara.
  • Oso kontuz ibili ezezagunekin.
  • Delituren bat ikusiz gero, deitu 112ra.
  • Kasu egin udaltzaingoen eta Ertzaintzaren oharrei, eta agenteengana jo edozein larrialdiren aurrean edo informazioa eskatzeko.
  • Alkohola arduraz kontsumitu, eta kontuan hartu zer-nolako arriskuak dituen alkohola edan ondoren edozein motordun ibilgailu gidatzeak.