Azpeitiko Udalak hainbat urtez eskaini du Arreta Soziosanitario titulua ateratzeko ikastaroa herrian. Irailetik aurrera, ikastaro hori berriro eskaintzeko asmoa du. Herrian zaintzan lanean ari diren hainbat pertsonek, orain arteko, ikastaroen ordutegi eta erritmoa lanarekin bateratzeko dituzten zailtasunen jakitun, ikastaroa beharretara egokitu egingo da. Hau da, egunean 3 ordu eta erdiko saioak izango dira.
Ikastaro honen helburua zaintza lanetarako ezinbestekoa den titulua eskuratzea da. “Langabeziari aurre egiteko formazioa da Udalaren apustu nagusia. Bide horretan, formaziorako aukera desberdinak eskaintzen ditugu herrian. Zaintza lanetarako Arreta Soziosanitario ziurtagiria eskainiz, zaintza lanetan aritzen direnen profesionalizazioa bultzatu nahi dugu, eta bide horretan, lan horiek duintzeko eta langile horien bizi kalitatean eragiteko egiten dugu esfortzua” adierazi du Leire Goenaga Gizarte Zerbitzuetako batzordeburuak.
Ikastaroa irailaren bukaeran hasiko da, baina ikastaroaren berri emateko eta izena eman nahi dutenek oinarrizko ikasketak ba al dituzten ziurtatzeko, datorren uztailaren 6 eta 7an, arratsaldean, txanda ezberdinetan, bilerak egingo dira interesatuekin. Bertan, profesionaltasun ziurtagirien inguruko xehetasunak emateaz gain, ikasketa maila ezagutzeko oinarrizko froga bat egingo zaie. Hala, maila ez dutenei profesionaltasun ziurtagiria ateratzeko ikastaroan hasteko aurre-prestakuntza bat eskainiko zaie, beharrezko gaitasunak bermatzeko.
Izena ematean esango zaio bakoitzari zein ordutako saiora joatea egokitu zaion. Ezinbestekoa izango da musukoa eta boligrafoa norberak eramatea.
Bilera eta frogara joateko izena emateko egunak: ekainak 29, 30 eta uztailak 1.
Ordutegia: 08:30-14:30.
Telefono zenbakia: 943 25 50 06.
Izen-ematea aipatutako egutegi, ordutegi eta telefono zenbakian egin beharko da.