Gure Artea 2021 saridunak: Dario Urzay, Damaris Pan eta Peio Aguirre dira

0

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile Bingen Zupiriak Gure Artea sariak irabazi dituzten artisten izenak ezagutzera eman ditu gaur goizean, Bilboko Arte Ederren Museoan egindako agerraldian. Sari hauek arte plastiko eta ikusizkoen arloan Euskadin ematen diren saririk garrantzitsuenak dira. Epaimahaiak erabakita honako artista hauek jasoko dituzte aurtengo sariak:  Dario Urzay-k “Ibilbide artistikoa aitortzeko saria” jasoko du, Damaris Pan-ek “Sorkuntza lana aitortzeko saria” eta Peio Aguirrek “Arte Plastikoen eta ikusizko arloan agenteek egindako lana” aitortzeko saria.

Alicia Fernandezek, Pello Irazuk, Ion Munduatek, Mikel Onandiak eta Jone Alaitz Uriartek osatu dute epaimahaia eta Pello Irazu epaimahaiburuak azaldu ditu erabakiaren arrazoiak. Irabazle bakoitzak 18.000 euroko saria izango du Gure Artea saria jasotzeagatik. Sari emate ekitaldia udazkenean egingo da.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile Bingen Zupiriak azaldu duenez, Euskadiko arte plastiko eta ikusizkoen, euskal arte garaikidearen eta euskal kulturaren beraren sustapenean “zuetariko bakoitzak, norberak berean bai, baina, baita gaurko euskal artista plastikoen kolektibo bezala ere, egiten ari zareten sorkuntza-ekarpena aitortu, eskertu eta saritu” nahi dute Gure Artea sariek. Horrez gain Zupiriak gaineratu duenez, “epaimahaiak zuengan nabarmendu nahi izan dituen balio eta ekarpen artistiko eta profesionalak ezagutarazi nahi dizkiogu euskal gizarteari. Izan dezatela gure herritarrek, ohiko arte-zale eta adituen esparrutik haratago, zuen sorkuntza artistikoaren eta zuen ekarpen sortzailearen berri eta piztu dezala horrek zuen ekarpen artistiko eta profesionalera hurbiltzeko jakinmina”.

Ibilbide artistikoa aitortzeko saria

Dario Urzay artista bilbotarrak jasoko du aurtengo “Ibilbide artistikoa aitortzeko saria”. 40 urte baino gehiagoko ibilbide profesionala du Urzayk artearekin konprometitutako praktikari lotua, euskal arteko belaunaldi berrietan artista bakan eta aitortuenetako bat bihurtzeraino. Hainbat erakusketa indibidual eta kolektibotan parte hartu du, hala estatukoetan nola nazioartekoetan, eta haren lana hainbat sarirekin aitortu da, adibidez, Arte Grafikoaren Sari Nazionala (2005). Gainera, bere obra museo garrantzitsuetako bildumetan dago.

Epaimahaiaren iritziz artista bilbotarrak “gutxik bezala gorpuzten du bizitzea egokitu zaion garaiko margolaria” eta bere epaiak adierazten duenez, “esperimentazioari irekita, azaleren plastika eta horretarako teknikak ikertzen ditu bere artelanetan, inprimaketa fotografikoak, erretxinak eta bernizak baliatuz, pintura esploratzen du, mikrotik hasi eta makroraino, biologikotik geologikoraino, irudiaren eta prozeduraren arteko interakzioaren problematikari jarraipena emanez, ikuslearen begirada inoiz ere ahaztu gabe, obra artistikoaren eraketaren funtsezko elementua den neurrian”.

Sorkuntza-lana aitortzeko saria

Damaris Pan-entzat izango da 2021eko Sorkuntza-lana aitortzeko Gure Artea saria. Mallabiako artista Euskal Autonomia Erkidegoan azken urteotan pinturan bizi den berpizkundearen ordezkari nagusietako bat da. Artista bizkaitarrak lan artistikoa eta Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederren Fakultateko irakaskuntza-lana uztartzen ditu, eta azken urteotan ibilbide nabarmena izan du, etengabeko bilakaeran, pintura-lanaren autonomiaren aldeko apustu argia eginez.

Epaimahaiak azaldu duenez Damaris Panen obra “pausatua da, planoak eta koloreak gainjartzeagatik berezia,  eta umoretsua delako, itxurazko presentzia biluziaren atzean bere konplexutasun osoa ezkutatuz. Inspirazioa eguneroko bizitzan aurkitzen du eta forma geometriko indartsuz, ingeradez eta giza gorputzeko zatikiz osatutako natura hiletan zein erretratuetan lan egiten du askotariko objektuekin eta izaki fantastikoekin, baina Damaris Panek ihes egiten dio errepresentazio-asmoari, beste errealitate berrien bila ateratzeko: bertan, formak, koloreak, prozesuak eta barne-eraketak dira erabiltzen dituen osagaiak”.

Arte plastiko eta ikusizkoen arloan agenteek egindako lana aitortzeko saria

Azkenik, Peio Aguirre elorriotarra aukeratu dute “arte plastiko eta ikusizko arloan agenteek egindako lana aitortzeko” kategoriako Gure Artea 2021 saria jasotzeko. Peio Aguirre idazlea da, arte-kritikaria, editorea eta erakusketen koordinatzaile independentea, egun estatuko arte-testuinguruko eragile nabarmenetako bat; izan ere, oparo lan egin du ikerketan, ekoizpenean eta zabalkunde-lanean askotariko arte-ardurako eta argitalpeneko plataforma ugaritan, hainbat proiekturen bidez, hala esperimentaziorako espazio alternatiboetan nola erakunde sustraituetan.

Epaimahaiak eragile bitartekari eta testuinguru-sortzaile lanetan eta euskal artisten sarea eratzen, garatzen eta balioztatzen egin duen lana azpimarratu du. Epaimahaiko kideek gaineratu dutenez, “diskurtso kritiko garaikideei buruzko interesa agertu du eta, bere begiradaren bidez, hurbileneko jarduerak eta egungo praktika artistikoen mundu zabalean gertatzen dena uztartu ditu.  Berea lan kritikoa eta bitartekari-lana da, eta era horretan aukera eman die bere belaunaldiko eta geroko euskal artista ugariri esperientzia eta harreman berriak izateko; ondorioz, bere gogoetek eta ekarpenek belaunaldi baten mapa edo memoria-balioa dute.