Eusko Jaurlaritzak enpresa txiki eta ertainei zuzendutako 2021eko laguntza-plana aurkeztu die Goierriko enpresei

0

Eusko Jaurlaritzak gaur goizean aurkeztu die Goierriko enpresei Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak enpresa txiki eta ertainentzako prestatutako 2021eko laguntza-plana. Goierriko Garapen Agentziarekin elkarlanean antolatutako ekitaldia Ordiziako NBF eraikinean egin da, eta hemeretzi enpresa bertaratu dira.

Mikel Amundarainek, BTI – Nazioartekotzeko Euskal Agentziaren zuzendaria; Leyre Madariagak, Eraldaketa Digital eta Ekintzailetzako zuzendaria;  Ainhoa Ondarzabalek, BTI-ko kontseilaria; Luis de Velascok, Energiaren Euskal Erakundearen Industria Proiektuetako arduraduna; Alex Botok, Ihobe-ko zuzendaria, eta Javier Plasenciak, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendaria, bakoitzari dagokion arloko programa zehaztu dute, enpresek beren beharretara ondoen egokitzen dena aurkitu dezaten.

2021eko enpresa txiki eta ertainentzako laguntza-planak 68 programa biltzen ditu —433 milioi euroko aurrekontuarekin—, kalitatezko enplegua sortuz ekonomia suspertzeko helburuarekin eta, bereziki, Euskal Autonomia Erkidegoko garapen jasangarria ere kontuan hartuz. Laguntzen % 40 I+G+b programetara bideratuko

da, baina, besteak beste, nazioartekotzeko, ekintzailetzarako, energia-kudeaketarako eta ekonomia zirkularrerako laguntzak ere emango dira.