Eusko Jaurlaritzak arduratsuak izateko deia egiten du trafiko-istripuak saihesteko

0
Sede del Gobierno Vasco, Lakua

Sonia Díaz de Corcuera Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendariak gaur aurkeztu du Udako Irteera-Itzulera Operazio Berezia Euskadiko Trafikoa eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentroan. Zuzendariak azaldu duenez, aurten aurreikusten da igoera moderatua izango dela barneko joan-etorrietan 2020ko udarekin alderatuta, baina 2019an eta 2018an baino txikiagoa. Alarma-egoeraren amaierak, txertoa jartzeko prozesuaren aurrerapenak eta, orokorrean, kanpora irteteko gogoak, horixe iragartzen dute. Fluxu handiagoa espero da Euskadi barneko trafikoan eta Euskaditik mugako autonomia-erkidegoetarako trafikoan (Nafarroa, Errioxa, Kantabria, Burgos eta Iparralde), bai eta Estatuko beste leku batzuetarakoan ere.

Horrez gainera, bigarren urtez jarraian ez da Itsasartea igarotzeko operaziorik izango, eta Euskadi zeharkatuko duen nazioarteko trafikoa intentsitate txikikoa izango dela espero da (batez ere Europa iparraldetik Portugalera doana). Ondorioz, ez dira antolatu beharrik izango AP-1eko irteera (Etxabarri Ibiñan) eta N-622 errepidea (Gasteizerako noranzkoan) lotzea errazteko eta Gasteizen N-622 eta A-1 Burgos/Madrilerako noranzkoan lotzeko egin ohi diren operazioak. Dena den, Eusko Jaurlaritzak izan litezkeen agertoki guztiak izango ditu kontuan, eta prest dago operazio horiek abian jartzeko Marokok Itsasartea igarotzeko operazioa aktibatzen badu ere, horrek areagotu egingo bailuke Euskadiko errepide-sareko trafikoaren fluxua.

Ohikoa den moduan, arreta berezia jarriko da opor garaian kritikoak izan ohi diren puntuetan: A-8an, Kantabriarako noranzkoan; AP-8an, mugan; A-1etik AP-1 autobiderako sarbidean, Armiñonen; AP1 eta N-622 arteko lotunean, Gasteizerako noranzkoan; eta N-622 eta A-1 arteko lotunean, Burgoserako noranzkoan.

Era berean AP-8ko eta AP-1eko zerbitzuguneetan une bakoitzean indarrean dauden neurri higienikoak gogoraraziko dira informazio-kartelen bidez, hala nola, eskuak garbitzea, maskara erabiltzea eta segurtasun-tartea errespetatzea.

Zirkulazioa hobetzeko neurriak

Egun hauetan trafikoa ahalik eta arinena izateko eta trafikoaren dentsitateak eragin ditzakeen gorabeherak minimizatzeko, Eusko Jaurlaritzak honako jarduketak burutuko ditu:

  • Behar izanez gero, seinale lagungarriak jarriko dira bide-sare nagusiko eta zerbitzuguneetako puntu estrategikoetan, foru-aldundiekin lankidetzan.
  • Irteera Operazioan, pilaketak sor daitezkeen asteburu kritikoenetan, eta Arabako Foru Aldundiarekin lankidetzan, behin-behineko seinaleak jarriko dira Argantzun eta Armiñongo AP-1eko sarbide artean A-1en paraleloan doan N-1eko ordezko ibilbidea erabiltzea
  • Itzulera Operazioan, seinaleztapen berezia jarriko da Armiñongo lotuneko trafikoa arintzeko AP-1 autobideko irteeran, Gasteizerako noranzkoan. Konoen bidez A-1eko hiru erreietako bat utziko da AP-1etik sartzen diren ibilgailuentzat.
  • Kantabria eta Bizkaia artean garabi-zerbitzu hitzartu bat izango da trafiko gehien izaten den jaiegunetan eta asteburuetan, istripua izandako edo matxuratutako ibilgailuei laguntzeko. Ostiraletan eta larunbatetan A-8an, Uriosten (Suhiltzaileetarako sarbideko biribilgunean) kokatuko da, eta igandeetan El Hayan (Cobaronerako lotunean).

Ertzaintzako trafiko-unitateetako 550 agentek zainduko dute errepideko zirkulazioa eta segurtasuna, eta in situ emango dute zirkulazioaren egoerari buruzko informazioa. Helikoptero batek irudiak bidaliko ditu Euskadiko Trafikoa Koordinatzeko Zentrora, eta kontrol horren euskarri-lanak egingo ditu.

Datuak eta gomendioak

2020ko uztailean eta abuztuan 10 pertsona hil ziren Euskadin trafiko-istripuetan (4 Bizkaian eta 6 Gipuzkoan), aurreko udan baino lau gehiago (2 Bizkaian eta 4 Gipuzkoan). Guztira 1.215 istripu gertatu ziren (448k eragin zituzten biktimak), eta 2019ko aldi berean 1.228 gertatu ziren (419k eragin zituzten biktimak).

Eusko Jaurlaritzak arduratsuak izateko deia egiten du zifra horietara ez iristeko, eta bidaian irten aurretik kontuan hartu beharreko hainbat gomendio ematen ditu:

  • Ziurtatu ibilgailua ondo dagoela.
  • Gidatu aurretik ez kontsumitu alkoholik ez drogarik, eta ez egin otordu oparorik. Sendagairen bat hartuz gero, ziurtatu ez duela ondoriorik gidatzeko garaian.
  • Abiadura eta gidatzea trafikoaren eta errepidearen inguruabarretara egokitu, eta beti jarraitu Ertzaintzako agenteen oharrak.
  • Segurtasun-tarteak gorde.
  • Atseden hartu bi orduz behin edo 200 kilometroz behin.
  • Bidaian irten aurretik, begiratu errepideen egoera. Eusko Jaurlaritzak uda osoan indartuko du errepideen egoerari buruzko informazioa informazio-mezuen panelen, trafikoa.eus web-orriaren, TrafikoaEJGV app-aren, Twitter mezuen eta 011 telefono-zenbakiaren (24 orduz erabilgarri dagoena) bitartez.