Maskara saredunen modelo batzuk ibilgetu ditu Kontsumobidek bakterio-iragazketa ez betetzeagatik

0

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok Kontsumobidek egindako higiene-maskarak ikuskatzeko azken kanpainaren emaitzak aurkeztu ditu gaur. Kanpaina hori apirilean jarri zen abian, Kontsumo Ministerioaren araudi berria indarrean sartu zenean, Euskal Autonomia Erkidegoko establezimendu fisikoetan saltzen diren higiene-maskaren bakterio-etiketatzea eta -iragazketa egiaztatzeko, maskara saredunetan arreta berezia jarrita.

Sailburuak azaldu duenez, Pedro Sanchez presidenteak kanpoaldean maskaren erabilera malgutuko dela iragarri arren, ez dugu ahaztu behar «maskara funtsezko tresna eta birusa zabaltzearen aurkako armarik eraginkorrenetako bat izan dela. Eta luzaroan jarraitu beharko du izaten, batez ere barrualdeetan, baina baita beste neurri batzuk bermatu ezin diren kanpoaldean gertatzen diren egoera guztietan ere”. Hori dela eta, merkatua kontrolatzeko eta ikuskatzeko eskumena duten agintariek «bereziki erne egon behar dugula, eta horrela egiten ari garela», gaineratu du. “Oso kanpaina zorrotza egin dugu, autonomia-erkidegoen artean zabalenetakoa; lehenik eta behin, maskara saredunetan jarri delako arreta, eta, bigarrenik, laborategira bidaltzeko lagin zabala hartu delako”.

Higiene-maskarak ikuskatzeko azken kanpaina honetan, 2 parametro aztertu dira: etiketatzea eta bakterio-iragazketa. Ikuskatzaileek hiru euskal lurraldeetako establezimendu fisikoak bisitatu dituzte, eta arreta berezia jarri dute maskara saredunen ahalik eta modelo gehienak aurkitzeko, baita beste mota batzuetako maskara higieniko berrerabilgarriak eta erabilera bakarrekoak ere. 28 modeloren laginak hartu dira; horietatik 8 maskara saredunak ziren.

Ikuskapenaren ondorioa da, sailburuak iragarri duen bezala, «Euskal Autonomia Erkidegoko establezimenduetan salgai dauden maskara saredun guztiek ez dutela bakterio-iragazketaren araudia betetzen. Berrerabilgarriak izateagatik bete behar duten iragazketatik —gutxienez % 90ek UNE arauaren arabera—, 8 modeloetako bakar batek ere ez zuen % 27,5etik gorako iragazketa, eta txikienak % 9,8koa zuen».

Ezaugarri horiek betetzen ez direnez, Kontsumobidek ibilgetu egin ditu maskara saredunen modelo horiek —Euskal Autonomia Erkidegoan gehienak merkatutik erretiratuta daude—, eta Kontsumo Ministerioaren alerta-sarean abisua eman du gainerako autonomia-erkidegoei jakinarazteko eta ohartarazteko. Sare honetan sartu ondoren, dagokion epea itxaron behar da enpresek alegazioak aurkeztu ahal izateko.

Bestalde, gainerako maskara higieniko berrerabilgarrietan eta erabilera bakarrekoetan, aztertutako 20 modeloetatik 3k ez zuten bakterio-iragazketa betetzen, % 76tik % 91ra bitarteko ehunekoak zituzten, % 90era edo % 95era iritsi behar zutenean —berrerabilgarriak ziren ala ez kontuan hartuta—.

Gainerako modeloek gainditu dute laborategiko proba; izan ere, euren iragaztea bat zetorren UNE arauarekin. Hala ere, etiketetan ez-betetzeak hautematen jarraitzen da, hala nola jarraibideak gaztelaniaz ez ematea, saiakuntza-txostenen erreferentziarik ez egotea, haurrentzako edo helduentzako produktuak diren berariaz ez adieraztea, edo osasun-ekipamendu bat ez dela adieraztea, besteak beste.

Une honetan, kanpaina enpresen alegazio-fasean dago, eta, beraz, oraindik ezin dira eman merkatutik erretiratutako modeloen datuak, administrazio-epe eta izapide guztiak betetzen ez diren bitartean. «Kontsumitzaileen eskubideak uneoro errespetatzen direla ziurtatu nahi dugu, prozesuak aurrera eramateko legezko bermeekin, eta hori zaintzen jarraituko dugu», esan du sailburuak