URA-Uraren Euskal Agentziak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailari atxikiak, jendaurrean jarri berri du Laudioko San Juan errekaren, Zumalakarregi eta Goikoplaza arteko tartean, uholdeei aurre egiteko lanen proiektua. Azaldutako proiektuaren helburua da jarduketa global bat zehaztea San Juan errekak Zumalakarregi eta Goikoplaza artean eta Nerbioi ibaiarekin duen elkargunean ura husteko ahalmena handitzeko eta ur-goraldien aurrean segurtasuna areagotzeko.
San Juan erreka, Nerbioi ibaiaren ezkerreko ibaiadarra, landa-eremuko eta hiri-eremuko erreka da, eta, azken zatian, sekzio oso antropizatua du, bere gutxiegitasun hidraulikoa dela eta. Errekako uholdeei dagozkien ur-xaflen kotak Nerbioi ibaiaren ibilguan daudenek eragiten dituzte.
Proiektua bi helburu-mota lortzea du xede:
- Alde batetik, ibai-tarteari ur-hustuketarako ahalmena handitzen zaio: hartara, San Juan errekak 100 urteko errepikatze-denborako uraldiek eragindako uholde-arriskua saihesteko.
- Beste aldetik, San Juan errekari erabateko aire zabaleko ibilgu bat emango zaio, eta egungo ibilguak duen estaldura ordezkatu egingo da Goikoplaza kaleko bidegurutzean pasabide berri eta bakar batekin; aldi berean, ibilguaren eta ibaiertzen paisaia eta ingurumena leheneratzea sustatzen da, gaur egun erabat degradatuta baitaude
- Halaber, aurreikusitako bizitegi-garapen urbanistikoa burutzeko aukera ematen du, errekaren ibilguaren eta Baias kalearen artean.
San Juan errekaren egokitzapen hidraulikoa eta ingurumen-egokitzapena egiteko proiektua diseinatzean, kontuan hartu dira «Nerbioi ibaia Uholdeei aurre egiteko Proiektua, Laudioko (Araba) hirigunetik igarotzen denean» proiektuaren aurreikuspenak. Proiektu horren jarduketa-eremua Nerbioi ibaiaren zatia da, Kurajoko pasabidearen eta Altzarrate zubiaren artean; proiektu horri atxikita daude Altzarrateko zubia ordezteko berehala hastekoak diren obrak.