Uraren Euskal Agentziak jendaurrean jarri du Euskadiko Kantauriar Arroen Plan Hidrologikoa

0
PRUEBA

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailari atxikitako Uraren Euskal Agentziak ekainaren 21eko EHAAn argitaratu du 2022-2027 aldirako Plan Hidrologikoaren informazio eta kontsulta publikorako aldia ireki izanaren iragarkia. Plan horretan, Euskadiko Kantauriar Arroetan uren arloan jarduteko oinarriak jasotzen dira.

Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikorako Plan Hidrologikoaren Proiektua da, EAEko Barne Arroen eremuan, 2022-2027 aldirako, eta kontsulta publikoan eskuragarri izango da sei hilabetez. Uren arloko plangintza-prozesua da, eta Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrologikoa deituriko arroen eremuan uraren arloan jarduteko jarraibideak, araudia eta neurriak ezartzen ditu. Eremu horretan biltzen da Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleriaren % 85 baino gehiago.

Plan Hidrologiko horren barruan, Euskal Autonomia Erkidegoko Barne Arroen Lehorteen Plan Bereziaren proposamena ere jasotzen da, balizko lehorteen ingurumen-, ekonomia- eta gizarte-eraginak minimizatzea helburu duena.

Era berean, Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikorako Uholde Arriskua Kudeatzeko Plana aurreikusten da. Kasu honetan, jendaurrean jartzen da 3 hilabetez. Helburua da uholdeei aurre egiteko  irizpideak eta jarduketak zehaztea, bai eta uholdeen aurreko erresilientziaren arloan egin beharreko inbertsioen denbora-programazioa ere.

URAk parte hartu du Plan hau osorik egiten, Konfederazio Hidrografikoarekin koordinatuta, eta aldaketak egin dira gaur egun indarrean dagoen Planean.

Ildo horretan, nabarmentzekoa da arau-testu erabilgarriago eta sinpleago bat egin dela, haren erregelamendu-izaerarekin hobeto bat etor dadin, testu argiagoa eta gardenagoa eginez, bai erakunde publiko guztien ikuspegitik, baita, batez ere, herritarren ikuspegitik, segurtasun juridiko gorenaren irizpideari jarraikiz ere.

Era berean, erakundeen arteko lankidetza nabarmentzen da (administrazio publiko guztien artean, kontzejuak edo udalerria baino lurralde-eremu txikiagoko erakundeak barne). Beharrezkoa da lurralde-antolamenduko eta hirigintzako politikek ahalik eta lankidetza eta hitzarmen handiena izatea uren politikarekin. Horregatik, lurzoruaren legeriaren eta jabari publiko hidraulikoaren arloko erregulazioaren arteko baliokidetasun juridikoak txertatu dira.

Plan Hidrologikoaren Proiektuak zenbait jarduketa-neurri jasotzen ditu, eta horien artean dago 2022tik 2027ra bitartean egin beharreko inbertsioen zerrenda, hornidurari, saneamenduari, uholdeen aurkako babesari eta ibai-ibilguak leheneratzeari dagokienez oinarrizko azpiegituren defizita arintzeko.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak, Uraren Euskal Agentziaren bidez, eta Estatuko Administrazio Zentralak egin beharreko inbertsioen guztizko zenbatekoa 464 M€ milioi eurokoa da. Zenbateko horri foru-aldundien eta partzuergoen inbertsioak gehituko zaizkio, informazio eta kontsulta publikoko prozesuan integratuko direnak.

Aipatu behar da, Plan Hidrologikoaren Proiektua egin den aldi berean, URA partaidetza-prozesu bat garatzen ari dela EUDELekin, foru-aldundiekin eta partzuergoekin, Plan Hidrologikoaren Proiektua hobetzeko hausnarketa, iradokizunak eta ekarpenak partekatzeko.