Basque Cybersecurity Centre hautatu du Europak zibersegurtasun enpresentzako fondo publiko-pribatu bat diseinatzeko

0

Basque CyberSecurity Centre (BCSC) -k emango du Europako fondo bat sortzeko lehen pausoa eta horren helburuak hurrengoko hauek dira: Europako zibersegurtasun enpresetan inbertsioa bultzatzea, sektore estrategikoa indartzea eta Europako Batasunak munduko beste ekonomia batzuekiko duen teknologia-mendekotasuna murriztea.

European Cybersecurity Investment Platform (ECIP) izeneko fondoa, ekimen publiko-pribatu indartsua da, 42 eragile inbertitzaileren partaidetza du eta datozen bost urteetan gutxienez 1.000 milioi euroko inbertsioa izango du. Inbertsio fondoa funts publikoak diren eta helburu desberdina duten Next Generation Europe fondoetatik aparteko tresna gisa eratuko da.

BCSCk proiektu honen erakunde sustatzaile gisa duen parte-hartzeak bi garapen izango ditu: batetik, etorkizuneko plataforma nola diseinatu zehaztuko duen azterketa teknikoa egiteko ardura izango du. Bestetik, zeregin horri esker, BCSCk Euskadi merkatuaren garapenean Europako eskualdeen erreferente gisa kokatu ahal izango du. Horrela, gure herrialdeak teknologiaren arloan dituen gaitasunak eta eskumenak aldarrikatu ahal izango ditu.

Ikerketa Eropean Investment Bank (EIB) erakundeak finantzatuko du eta European Cyber Security Organization (ECSO) erakundearen lankidetza estrategikoa eta Europako Batzordearen partaidetza izango ditu.

ECIP plataforma bultzatzearekin batera, Europako zibersegurtasun-enpresen finantzaketa eta garapena hobetu nahi dira, besteak beste, Estatu Batuetako, Erresuma Batuko eta Israelgo konpainiekin lehiatzeko. Proiektua zibersegurtasunaren Europako sektorea indartzeko eta haren alde egiteko aukera historikoa izango da, eta erakundeek eta kontinenteko ekosistema teknologikoek sektore zibernetiko bat izatearen beharretik sortzen da.

Europako zibersegurtasuna oso merkatu konplexu eta banandua da, eta hauek dira bere ezaugarri nagusiak: inbertsio falta, bezero estrategikoen urritasuna eta posizionamendu komertzial ahula. Gabezia horien ondorioz, 2019an, Europako zibersegurtasunaren sektoreak 4.000 milioi euroko aldea izan zuen Estatu Batuetakoarekin konparatuta, eta lehiakortasun-defizit nabarmena Israelekin eta Txinarekin alderatuta. Defizit horiei buruzko gogoetak ECSOk, BCSCren lidergoarekin eta Europako Inbertsio Bankuaren eskutik, ECIP plataforma sortzera bultzatu du. Horren helburua aipatutako desberdintasunak zuzentzea eta nazioarteko inbertsioak enpresa berrietara eta europar ETE-etara erakartzea izango da. Horrela kontinentean soluzio estrategikoak garatu ahal izango dira.

Hitzarmenaren sinaduran, joan den ekainaren 22an, BCSCko zuzendaria den Javier Diéguez “oso harro” agertu zen Basque CyberSecurity Centrek proiektu horretan parte hartu zuelako eta “Euskadiren adibidea nabarmendu zuen Europako eskualdeek merkatua garatzeko eta nazioarteko lankidetza publiko-pribatua lortzeko ekimen estrategiko horietan duten zeregina aldarrikatzeko”. Javier Diéguez Barriocanalek nabarmendu zuenez, proiektu hau “aukera historikoa izango da gainontzekoengandik nabarmentzeko eta Europan egindako zibersegurtasunaren lehiakortasun orokorra hobetzeko”.