Eusko Jaurlaritzak aurten Administrazio Orokorrean mila plaza baino gehiago deituko dituela aurreikusten du

0
Sede del Gobierno Vasco, Lakua

Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak 1.230 plaza deituko ditu aurten Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrerako. Funtzio Publikoa lan-eskaintza publikorako oinarriak lantzen eta negoziatzen ari da; 1.017 lanpostu hitzemanda ditu dagoeneko, eta aurten ere beste 213 lanpostu gehitu ahal izango zaizkie. Iragarpena Olatz Garamendi sailburuak egin du Eusko Legebiltzarrean, bere sailak euskal Administrazioan enplegu publikoa finkatzeari eta plantillen bitartekotasun-tasak murrizteari buruz dituen planak azaltzeko egin duen agerraldian.

EH Bilduk enplegu publikoaren finkapenari buruz egindako interpelazio bati erantzunez, Garamendik berretsi egin du, gaur, Eusko Legebiltzarrean, bitarteko langileen tasa handiak eteteko eta sendotze-prozesuak bultzatzeko konpromisoa duela. Zentzu horretan, behin-behinekotasuna murrizten joateko oinarrizko tresna ahalik eta lasterren hautaketa-prozesuak martxan jartzea dela adierazi du. «Premiazkoa da sendotze-prozesu bat abian jartzea, gure Administrazioan bitarteko langile gisa lanean denbora daramaten pertsonen esperientzia berariaz aitortuko duena», adierazi du Garamendi sailburuak, eta pertsona horiek «Administrazioari funtsezko esperientzia eta ezagutza” ematen diotela azpimarratu du.

Garamendik gaur egun Legebiltzarrean izapidetzen ari den Kidego eta Eskalen Legearen garrantzia nabarmendu du, lanpostu bakoitzerako funtzioak eta titulazioak berrantolatzeko eta Administrazioko talde eta azpitalde profesionalen kopurua sinplifikatzeko beharrezkoak diren tresnak biltzen baititu. Sailburuak bitarteko langileen tasak murriztea erraztuko duen lege proiektu hau babesteko deia egin die talde parlamentarioei.

Sailburuak argitu nahi izan du bitarteko langile guztiak aldi baterako langileak direla, baina «aldi baterako langile guztiak ez dira bitartekoak», eta honen harira erantsi du sindikatuek 3.500 aldi-baterako langile daudela esaten badute ere, “benetan eskaini daitezkeen lanpostu hutsak», hau da bitarteko funtzionarioek betetzen dituztenak, 2.388 dira. «Kopuru kezkagarria da, baina lanpostu hutsen benetako datua hori da, eta ez beste bat», esan du sailburuak.

Garamendik elkarrizketa eta negoziazio kolektiboaren aldeko apustua berretsi du Legebiltzarrean, bitartekotasun handiari heltzeko bide gisa. Ildo horretan, azpimarratu du berak zuzentzen duen Sailak hiru negoziazio-mahai eta Administrazio Orokorreko bederatzi mahai sektorial deitu dituela legegintzaldi honetan, eta foro guzti horietan gai horri heldu zaiola gaineratu du. Horretaz gain Hezkuntzako edo Osakidetzako mahai sektorialak izan direla gogoratu du. «Gainera, sindikatuekin izandako aldebiko elkarrizketa etengabea izan da joan den urtearen amaieratik, gutxienez hiru elkarrizketa erronda egin baitira», zehaztu du Garamendik, eta bera hainbat aldiz eragile sozialekin bildu dela gaineratu du.

Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren aldaketari dagokionez, sailburuak adierazi du konponbidea bilatzen ari direla oinarrizko legeria aldatuz, autonomia-erkidego bakoitzak bere konsolidazio prozesuak hasi ahal izan ditzan ahalik eta berme eta segurtasun juridiko handienarekin. Horren harira, joan den ostegunean Miquel Iceta Lurralde Politika eta Funtzio Publikoko ministroari eskaera hori zuzenean helarazi ziola jakinarazi du. «Ezin dugu alde batera utzi bitartekotasun handiko egoera honetara iritsi garela, neurri handi batean, Espainiako Gobernuaren erabakiekin lotura zuzena duten eta lan-eskaintza publikoak egiteko aukera murriztu duten kanpoko faktoreengatik», ziurtatu du, Estatuko Aurrekontu Orokorren legeetan jasotako birjartze-tasei erreferentzia eginez. «Beti defendatu izan dugu berritze-tasak Gernikako Estatutuan aitortzen den autoantolaketarako gaitasunaren aurka doazela, eta, beraz, Estatuko arauak eskumenen inbasioa dakarrela», gaineratu du.