Bizkaiko Foru Aldundiak Berdintasunerako konpromisoa indartu du VI. Foru Planarekin

0

Bizkaiko Foru Aldundiak Berdintasunerako konpromisoa indartu du 2021-24 aldirako Bizkaiko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako VI. Planaren bidez. Plana gaur goizean onartu da Gobernu Kontseiluan. Eremu horretako foru-jardunei jarraipena ematen dien dokumentua da, eta lau urterako orientazioa ezartzen du: 14 programa, 32 helburu eta 150 neurri.

Bizkaiko Foru Aldundiaren seigarren Berdintasun Plana da hau, lehenengoarekin (2000-2003 urteak barne hartu zituena) hasitako hogei urteko ibilbidea. Horrek Lurralde Historikoaren konpromisoak eta lehentasunak erakusten ditu, bai eta ikuspegi kontzeptualetan gertatu diren aurrerapenak ere.

Plan horiei gehitu behar zaie Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako ekainaren 20ko 4/2018 Foru Arauaren mugarria, partaidetza-prozesu luze baten ondoren onartu zena eta onartu berri den seigarren plan honen erreferentzia-esparrua dena.

VI. Plan hau aurreko planen ebaluazio-prozesuaren, egoeraren diagnostikoaren eta egungo egoeraren azterketaren emaitza da. Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Foru Sailak bultzatuta, Foru Aldundiko langileek eta emakumeen elkarteek parte hartu dute, Bizkaiko Emakumeen Partaidetzarako Kontseiluaren bidez.