Donostiako Udalak herritarrek sustatutako eta hautatutako 20 proiektu gauzatuko ditu

0

Guztira, 20 izan dira 2022 eta 2023 urteetarako Partaidetzako Aurrekontuen prozesuko proposamen finalistak. Hori guztia 3.723 herritarren bozketei esker egin da, azken bi asteetan bozkatu ahal ziren 93 proposamenetatik lehentasunezko proposamenak aukeratu baitituzte.

Eneko Goia alkateak nabarmendu duenez, “bai aurkeztutako proposamenen kopurua bai bozketan parte hartu duten pertsonen kopurua (2018an baino %4,5 gehiago) handitzeak adierazten du parte hartzeko prozesuak gero eta gehiago ari direla errotzen herritarrengan. Hori albiste oso ona da, donostiarrei aukera ematen baitie hiriko proiektuen eraikuntzan parte hartzeko. Horregatik, eskerrak eman nahi dizkiet Donostiarentzat hain garrantzitsua den prozesu honetan parte hartzeagatik”.

Proposamenak lehenestea

Proposamen finalistak herritarrek egindako bozketen arabera ordenatu dira, 93 proposamenen artean lehentasunezko 5 proiektu aukeratu behar baitzituzten. Sailkapen horren ondoren, gauzatu beharreko proiektua zehaztu da, bakoitzaren aurrekontuaren eta programa honetako aurrekontu orokorraren arabera (1,5 milioi 2022rako eta 1,5 milioi 2023rako, eta 421.000 euro 2022rako Ekialdeko Barrutiko proiektuetarako).

Beraz, 2022an Ekialdeko Barrutiko 2 proiektu jarriko dira martxan, eta 8 hiriko gainerako eremuetan; 2023an, berriz, 10 proiektu egingo dira hirian, Ekialdeko Barrutiak ekitaldi horretarako aurrekontua zehaztu arte.

Gauzatu beharreko proiektuak

Ekialdeko Barrutiak bi proposamen gauzatuko ditu datorren urtean;

  • bata, Intxaurrondo auzoan (Monseko kiroldegiaren alboa ixtea),
  • eta bestea, Altza auzoan (Arrobitxulo parkean argiztapena).

Hiriko beste eremuei dagokienez, 2022an honako hauek jarriko dira abian:

  • 3 proiektu Antiguan,
  • 1 Egian,
  • 1 Erdigunean,
  • 1 Txomin Enean,
  • 2 hirian orokorrean.

2023an:

  • 3 proiektu egingo dira Igeldon,
  • 2 Loiolako Erriberetan,
  • 2 Antiguon,
  • 1 Parte Zaharrean,
  • 1 Amara Berrin,
  • 1 Gros auzoan.

Proposamen horiek guztiek betetzen dituzte interes publikokoak eta udal eskumenekoak izateko baldintzak, ez dute 300.000 eurotik gorako inbertsiorik eskatzen eta ekitaldi bakar batean egin daitezke, hurrengo aurrekontuetan eraginik izan gabe. Gainera, Herritarren Partaidetza Zerbitzuaren web orrian kontsulta daitezke.

Hurrengo pausuak

Gauzatuko diren proiektuak zehaztu ondoren, Udalak proposamen bakoitzaren sustatzaileekin lan egingo du horiek garatzeko, administrazio prozesua bukatuta eta dagokion ekitaldian gauzatzeko prest egon dadin.

Herritarren Partaidetzaren web orrian proiektuen egoeraren jarraipena ere egin daiteke, erabat gauzatu arte.