Euskadin 2bi milioi dosi baino gehiago eman dira

0

Gotzone Sagardui Osasun sailburuak jakitera eman duenez, dagoeneko bi milioi dosi baino gehiago eman dira Euskadin, eta aurreikusita dauden dosi kopuruak iristen badira herritarren immunizazioan erritmo onean aurrera egiten jarraituko dela azpimarratu du.

Sagarduik azaldu duenez, aste honetan oinarrizko kolektiboen txertaketari berrekin diote, hau da, Astrazeneca lehen dosia duten 60 urtetik beherakoen txertaketari, eta ematen zaien bigarren dosia ere Astrazeneca izatea eskatu dutenei. Atzo ekin zioten berriz txertaketari, eta aste honetan 14.000 pertsona ingururi txertoa jartzea aurreikusi dute, hau da, txertoa eskatu duten guztiei.

Aldi berean, Astrazenekaren bigarren dosiak txertatzen jarraitzen dute 60 urtetik gorakoei. Orain arte, 42.227 bigarren dosi jarri dira, eta datozen asteetan 127.500 pertsona daude aurreikusita.

Gainera, adinaren irizpideari erreparatuta txertatzen jarraitzen da. «Lehentasuna 49 eta 40 urte bitartekoen txertaketarekin lehenbailehen amaitzea da», adierazi du Sagarduik. Era berean, eta dosiak eskuragarri daudenez, 40 urtetik beherakoen txertaketari ekin ahal izan zaio.

Mallorcako agerraldia

Mallorcako agerraldiari buruz, Osakidetzak 189 kasu positibo identifikatu dituela azaldu du. «Gaixotasuna duten pertsonak Zaintza eta Arreta Sarearen lanari esker detektatu ditugu, baita eraginkorrak izan diren baheketak bezalako ekimenen bidez ere», azpimarratu du. Izan ere, larunbaterako eta iganderako deitutako biztanleria-baheketan aztertutako 575 proba diagnostikoetatik 102 kasu positibo atzeman dituzte. Gainera, negatibo eman duten 306 ikaslek isolamendua agindu dute.

Gotzone Sagarduik argitu duenez, Euskadiko 18 pertsona Mallorcan daude berrogeialdian, horietako 6 PCR positiboarekin eta bat isolatuta dago kontaktu estua delako. Osakidetzak ez du ospitaleratuta dagoen positiborik ezagutzen.

Delta aldaeraz galdetuta, sailburuak esan du 44 kasu susmagarri daudela, Delta aldaerakoak izan daitezkeenak, baina goiz da jakiteko, PCR gehienak ezin izan baitira oraindik sekuentziatu.

Neurri gisa, eta oraindik bidaiatik itzuli ez den jendea dagoela ikusita, Gotzone Sagarduik esan du 16 eta 19 urte bitarteko pertsonei beren osasun-zentroarekin harremanetan jartzeko eskatuko dietela, proba diagnostiko bat egiteko.

Osasun sailburuak koronabirusak Euskadin duen eraginari buruzko datu eguneratuak ere eman ditu jakitera.

EB-ko COVID Ziurtagiri Digitala

EB-ko COVID Ziurtagiri Digitalari dagokionez, sailburuak adierazi du uztailaren 1etik aurrera, ziurtagiria telematikoki lortzerik izan ez duten pertsonentzat, aurrez aurre eskuratzeko aukera irekiko dela Zuzenearen hiru bulegoetako edozeinetan, hitzordua eskatuta. Gainera, diagnosi-proba NEGATIBOAREN ziurtagiriari dagokionez, aste honetan laborategiekin batera lan egiten aritu direla iragarri du, eta bihar hasiko direla proba negatiboen ziurtagiriak ematen.