Gobernuak Lanbideren egitura-dekretua onartu du herritarren zerbitzura dagoen tresna eraginkorrago bilakatzeko

0

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren osteko ohiko prentsaurrekoan, Idoia Mendia lehendakariorde eta Lan eta Enplegu sailburuarekin, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuarekin eta Gotzone Sagardui Osasun sailburuarekin batera.

Idoia Mendia lehendakariorde eta Lan eta Enplegu sailburuak jakitera eman du Gobernu Kontseiluak, gaur, Lanbideren Estatutuen dekretua onartu duela; neurri horren bidez, Euskal Enplegu Zerbitzuaren egitura aldatuko da eta herritarren zerbitzura dagoen tresna eraginkorrago bilakatuko da. «Prestakuntza-eginkizunetan, enpresen enplegu-beharrei erantzutean eta pertsonen gizarteratzean eta laneratzean enplegu-zerbitzu eraginkorragoa lortu nahi da», esan du. Gainera, azaldu du, onarpen horren bidez, baimena ematen dela Koordinazio eta Komunikazio Unitate bat sortzeko, sareko bulego guztiei koherentzia emango diena, bai eta Prestazio eta Inklusio Zuzendaritza berria ere, Sara Buesaren zuzendaritzapean.

LANDA GARAPENAREN lEGEAREN AURREPROIEKTUA

Bera aldetik, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak Euskal Autonomia Erkidegoko Landa Garapenaren Legearen Aurreproiektua aurkeztu du, EBk bultzatzen duen Lurralde Kohesioko Politikarekin bat datorren garapeneko ikusmolderantz aurrera egiten duen legea. Tapia sailburuak azaldu duenez, Lege honen helburua da landa-guneetako biztanleei eustea eta bertara erakartzea, landa-garapenak aurrera egin dezan hiri-garapenarekin batera, demografia-, bizi-kalitate- eta lehiakortasun-aukerak txertatzeari dagokionez. Gainera, jakinarazi du landa-eremuan eskumenak dituzten Euskadiko erakundeek eta eragileek parte hartuko duten Landa Garapenerako Euskal Sarea sortzea aurreikusten duela lege berriak.

GOBERNU KONTSEILUAREN BESTE AKORDIOAK

Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak jakitera eman du Gobernu Kontseiluak 2030 Agendaren Lehentasunen Euskal Programa onartu du gaur, Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren Idazkaritza Nagusiaren legealdi-plana, hain zuzen. Zupiriak azaldu duenez, dokumentuak Garapen Iraunkorreko Helburuen ikuspegi eraldatzaileari lotutako kontratu sozialaren kultura sustatzea du xede. Gainera, argitu du Nazio Batuen Ekintzaren Hamarkadari erantzuten dioten lehentasunezko 4 ardatz ezartzen dituel: dibulgazioa, koordinazioa, ebaluazioa eta lehenespena. «Konpromiso nagusiak dira, pobreziari aurre egitea, gizarte kohesinatu baterako hezkuntza inklusiboa, aldaketa klimatikoari aurre egiteko neurri eragileak, hirigintza eta mugikortasun jasangarria, Osasuna guztion ondasun bihurtzeko plana, ekonomian eta enpresagintzan jasangarritasun eta elkarkidetza oinarriak finkatzea eta giza-duintasunaren errespetuan oinarritutako mundu baketsu baten aldeko ekarpenak egitea», zehaztu du Zupiria sailburuak.

Gainera, estearte honetako Gobernu Kontseiluak Eustaten bi lankidetza-hitzarmen berritu ditu, bere estatistika-eragiketak erraztuko dituzten datuak eskuratzeko. Adostu da hitzarmena sinatzea, alde batetik, INErekin eta, bestetik, Euskadiko merkataritza-erregistratzaileekin eta Espainiako Jabetza- eta Merkataritza-erregistratzaileen Elkargoarekin.

Bestalde, Gobernu Kontseiluak ia 2 milioi euroko laguntza programak onartu ditu gaur, ekonomia sozialarekin lotutako hainbat ekimen diruz laguntzeko. Nabarmentzekoak dira, besteak beste, gizarte-ekonomiako enpresen eta erakundeen elkartze-egiturak sendotzeko laguntzak, edo arlo horretako prestakuntza.