Idoia Mendiak egonkortasun politikoaren balioa aldarrikatu du krisialditik elkarrekin irteteko

0

Lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburu Idoia Mendiak konfiantza sortzeko eta krisitik elkarrekin irteteko egonkortasun politikoaren balioa aldarrikatu du gaur, eta honako hau ziurtatu du: «Proiektu handiak denboran sendotzen dira desberdinen arteko adostasun sendo eta zabal batetik abiatzen badira».

Mendia gaur Bilboko BBK aretoan izan da Estrategia Empresarial egunkariaren «Empresa y Sociedad 2021» sarien banaketan. Hitzordu horretan, berriz ere defendatu du «erakundeek, enpresek eta gizarte-eragileek partekatzen dugun hori aurkitzen jakiteak» duen garrantzia.

Bere ustez, politikan oinarrizko bi kontu daude: «aurrera egitea ezinezkoa da gizarte-kohesiorik gabe, eta proiektu handiak denboran sendotzen dira desberdinen arteko adostasun sendo eta zabal batetik abiatzen badira». «Hau da nik lehendakariorde gisa  dudan ikuspegia eta nire sailak horretan dihardu lanean», gaineratu du.

«Badakigu ez direla garai onak gobernuaren eta oposizioaren arteko konpromiso politikoetarako, baina, laurogeiko hamarkadan bezala, gizarte-kontzientzia sakona duen Euskadi plural baterako gobernu plurala dugu», azpimarratu du. Ildo horretan, gogorarazi duenez, «ezberdinen arteko indarrak batu ditugu proiektu partekatu bat lortzeko, guztion ongizatea lortzeko, eta uste osoa dut hori ere funtsezkoa dela etorkizuna itxaropenez ikusteko: egonkortasuna eta lasaitasuna». Horregatik aldarrikatu du «egonkortasun politikoaren balioa, konfiantza sortzeko eta elkarrekin krisitik ateratzeko».