Gaztelugatxe partzialki irekiko da berriro

0

Bisitariak bihartik aurrera itzuliko dira Gaztelugatxera. Kokaleku hori poliki-poliki irekitzeko prozesuaren baitan ezarritako Urizarreta eta Ermu arteko ibilbide partzialetik bihartik aurrera igaro ahalko da, baina, aldez aurretik, tiketa erreserbatu beharko da horretarako gaituriko plataforma digitalean. Edukiera mugatua izango da (906 pertsona eguneko). Gaur goizera arte, ticketing-plataformatik 3.891 erreserba egin dira datozen hilabeteetan kokaleku horretara bertaratzeko.

Erreserba horiek 12.600 pertsonari dagozkie. Horietako gehienak (11.640) Estatutik datoz, nagusiki, Madriletik (2.238), Bartzelonatik (1.728) eta Valentziatik (847).  Beste herrialde batzuetatik datozenen artean, gehienak Frantziatik (316 pertsona) eta Estatu Batuetatik (113) datoz.

Datozen egunetarako erreserba egin dutenek ibilbide zirkularra egin ahal izango dute Urizarreta eta Ermu artean, sarbideak ixtea eragin zuen lur-jausiaren eremura iritsi gabe; eremu horretan, teknikariek azken hilabeteetan egindako azterketan ezarritako segurtasun-neurriak hartu dira.

Irekiko den bigarren sektorea egonkortzeko lanak dagoeneko hasi dira; beraz, uztaila bukaeran bisita Ermu eta Lurgorri artetik ere igaroko da, eta udazken hasieran irlatxora eta ermitara iristen den bidea ere irekitzea aurreikusten da (bide horretan gertatu zen lur-jausia).

Bisita instituzionala obretara

Pasa den astelehenean, ekainaren 28an, Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko diputatuak, Amaia Antxustegik, Gaztelugatxen egiten diharduten lanak ikuskatzeko bisita bat egin zuen Amets Jauregi Bakioko alkatearekin, Aritz Abaroa Bermeoko alkatearekin eta Idoia Platas Bermeoko alkateordearekin batera.

Bizkaiko Foru Aldundiko Natura Ondarea Zaintzeko Zerbitzuko buruarekin batera, Ermutik sartzeko bidea egokitzeko lanak egin diren eremuan zehar ibili ziren. Gune hori naturalizatu egin da, asfaltoa kentzearen bidez, eta bertan, mendi-hegaleko lurpeko ura kanalizatzeko hainbat lan egin dira. Horrez gain, mendi-hegala eusteko elementuak ere jarri dira, balizko lur-mugimenduak geldiarazteko. Inguru horretan, gainera, eukalipto-aleak kendu dira eta hostozabalen espezie autoktonoak landatu dira.

Erakunde instituzionalak, era berean, Lurgorritik sartzeko bidera arte joan ziren, in situ ezagutzeko geologo-taldeak egindako azterketaren ostean tarte hori segurtasunez ireki ahal izateko hartu diren neurriak. Aipaturiko talde horrek, halaber, mugimenduak antzeman zituen inguru horretan ere Gaztelugatxeko mendi-hegalaren egoera aztertu zuenean, babesturiko inguruaren beste aldean urtarrilean gertatu zen lur-jausiaren ostean.  Neurri horiek lurpeko ura kanalizatzea eta lurra egonkortzeko elementuak jartzea dute ardatz eta, biotopo babestu honetan paisaian integratu behar direla kontuan hartuta diseinatu direnez, neurri horiek inpaktu gutxikoak izan behar dute, moldagarriak eta ezegonkortasunaren bilakaerara egokitzeko modukoak. Horrez gain, inguruko bideetatik makineria astunak ahalik eta gutxien igaro daitezela bilatzen duten irtenbideak lehenetsi dira.