200.000€ irisgarritasuna, argiztapena eta segurtasuna hobetzeko Getxoko Villamonte inguruan

0

Getxoko Udalak zenbait hirigintza-jarduketa egingo ditu Algortako Villamonte inguruan, 200.000€-ko balioarekin, irisgarritasuna, argiztapena eta bide-segurtasuna hobetzeko, batez ere. Ekintza horiek “Getxo txukun. Auzoz auzo, kalez kale. Barrio a barrio, calle a calle” ekimen parte-hartzailearen barruan daude. Udalak bultzatutako ekimena da, obra txikietarako aurrekontuarekin auzoaren hobekuntzen inguruan auzotarrek dituzten proposamenak, beharrak eta kezkak jasotzeko. Villamonte inguruko prozesuan 221 pertsonak parte hartu zuten eta guztira 462 ekarpen jaso ziren, horietatik 378 baliozkoak izan zirelarik.

Laster egingo diren hiru jarduketa aipagarrienak, 134.864€-tan, hauek izango dira: Arene kaleko espaloia hobetzea eta handitzea, Iparbide eta Itxe arteko tartean, egin beharreko lanen zenbatekoa 37.724 €-koa izanik; Ibaizabal kaleko eskuineko espaloia ezkerreko espaloiaren altuera berean berdintzea, 34.296€-ko inbertsioarekin; eta Salsidu etorbideko argiztapena hobetzea, bere garaian etorbide horretan landatutako arbolek sorrarazten dituen itzalengatik.
Led teknologiako argiztapen berria instalatuko da –udalerri osoan pixkanaka egiten ari den bezala–, eta 62.844 euroko aurrekontua izango du.

Era berean, Nerbioi kalearen azken zatiko argiztapena hobetuko da (Itxe kalea irekitzeko proiektuarekin batera), Villaondoetako aldapan egin den bezala, edo Villamonteko parkean egingo da, kasu honetan udalerriko jolasguneetan berariazko argiteria jartzeko idatzi den proiektuaren barruan.