Lagundutako bainu-zerbitzua izango dute aurten ere Arena, Ereaga, Laidatxu, Isuntza, Arrigorri eta Plentziako hondartzek

0

Hondartza Denontzat izeneko lagundutako bainu-zerbitzua, Bizkaiko Foru Aldundiak eta BBK-k elkarrekin finantzatzen duten eta irabazi-asmorik gabeko Bidaideak erakundeak kudeatzen duen programa partekatua, atzo jarri zen abian Arena, Ereaga, Laidatxu, Isuntza, Arrigorri eta Plentziako hondartzetan. Zerbitzu hau, iaz gertatu zen bezala, COVID-19aren prebentzio eta kontroleko araudi orokor eta espezifikoetara egokitua eskaintzen da eta abuztuaren 31ra arte egongo da martxan.

Guztira Bidaideak erakundeko 21 monitore espezializatu arduratzen dira programa dinamizatzeaz, 11:00etatik 19:00etaraa arteko ordutegiarekin uztaileko eta abuztuko egun guztietan. Horretarako, besteak beste, honako baliabide eta elementuak dituzte: 30 gurpil-aulki anfibio (horietatik 9 berariazkoak dira mendekotasun arineko indizeak dituzten pertsonentzat, 15 erdi mailako mendekotasuna dutenentzat eta beste 7 mendekotasun handia dutenentzat); hondarrean ibiltzeko bereziak diren 70 makulu pare; eta monitore-taldeari mugitzeko erraztasunak emateko 4 garabi hidrauliko, batez ere mugikortasun-arazo larriak dituzten erabiltzaileei laguntzeko. Laguntza-puntuek, gainera, hondartza bakoitzean arreta emateko behar den azpiegitura barne hartzen dute: egurrezko plataformak, karpak, aulkiak, mahaiak, bainugela egokituak eta aldagelak.

Programa hau garraio egokituko zerbitzu berezi batekin osatzen da. Zerbitzu hori Bidaideak erakundeak eskaintzen du Hondartza Denontzat programa garatzen den egun guztietan eta mugikortasun-gabezia gehien duten pertsonei aukera ematen die kostaldeko helmuga horietara iristeko.

Pandemiaren prebentzio- eta kontrol-neurrietara egokitua

Programa hau egungo egoerara egokitzeko, instalazioetako edukiera murriztu egiten da osasun-agintariek ezarritako segurtasun-distantziari eusteko. Halaber, zerbitzuaren erabiltzaileek euren laguntza pertsonalerako baliabideak -formalak edo informalak- erabiltzea gomendatzen da programako aldagelak erabili behar dituztenean.

Laguntza teknikoen mailegu-zerbitzuak indarrean jarraituko du, bainu lagunduaren zerbitzuarekin gertatuko den moduan, eta programako talde profesionalek egingo dute. Zerbitzua ematen duten begiraleek etengabe higienizatuko dituzte  laguntza tekniko horiek eta instalazioak.

Instalazioetan egoteko denbora-muga osasun-agintariek herritar guztientzat ezartzen duten berbera izango da eta zerbitzuaz gozatu nahi duten 6 pertsonatik gorako talde guztiek aldez aurretik erreserba egin beharko dute nahitaez, 94 426 66 00 telefono-zenbakiaren bidez edo nfo@bidaideak.org helbide elektronikoaren bidez.