Emakunderen Begira sareak komunikabideentzako gida bat prestatu du

0

Emakumeen aurkako indarkerian aditua den Norma Vazquezek, psikologoa eta Sortzen-eko zuzendaria denak, «Emakumeen aurkako sexu-indarkeria nola komunikatu» gida aurkeztu du.

Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak adierazi duenez, gidaren helburua da «komunikabideek kontuan hartzea sexu-indarkeriari buruzko informazioek emakumeengan eta, oro har, gizartean duten eragina, eta aurreiritziak eta estereotipoak detektatzea informazio askotan, horiek saihesteko». Gogorarazi du sareak azken hiru urteak daramatzala emakumeen aurkako indarkeriaren gaian arreta jartzen komunikabideetan eta publizitatean: «Publizitatearen kasuan, publizitateak emakumeen aurkako indarkeriaren jatorrian dauden rolen eta estereotipoen sorreran duen eragina aztertu da; eta komunikabideen kasuan, azken urte honetan, sexu-indarkeria kasuetako informazio-tratamendua eta tratamendu hori genero-ikuspegiarekin nola egin behar den landu da». Landaidak komunikabideen lanaren garrantzia azpimarratu du: «Balioen aldaketa lortzeko funtsezko eragileak zarete. Eragin handia duzue gizartean eta, beraz, zuen erantzukizuna garrantzitsua da «.