Gaur eguerdian, Berdintasunerako Sail arteko Batzordea bildu da Lehendakaritzan. 2013an sortu zen batzorde hau Jaurlaritzan emakumeen eta gizonen berdintasunerako politikak bultzatzeko eta koordinatzeko. Iñigo Urkullu lehendakaria izan da bilerako buru, Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte politiketako sailburuarekin batera. Bertan, sailek beren berdintasun-planak aurkeztu dituzte, eta hainbat sailen, Emakunderen eta Jaurlaritza osatzen duten beste erakunde autonomo eta erakunde publikoen berdintasun-arloko jarraipena berrikusi da.
Lehendakariak berdintasun-politiken zeharkakotasuna gogorarazi die sailetako ordezkariei. Adierazi duenez, «osasuna, kultura, hezkuntza, enplegua, ekonomia, hirigintza, segurtasuna eta bestelako eremuetan, plangintzak egiten ditugunean, kontuan izan behar dugu emakume eta gizonen egoera, baldintzak eta beharrizanak ez direla berdinak, eta horren ondoriozko politikak egin”.
Urkulluk esan du Jaurlaritzak legegintzaldi honetan berdintasunarekiko duen konpromisoa indartu nahi duela, eta, horren froga gisa, aurten onartzekoa den Berdintasunerako Legearen aldaketa aipatu du. Lehendakariaren hitzetan, «berdintasunaren aldeko eta emakumeenganako indarkeriaren aurkako herri-ituna lortu nahi dugu, eta Gobernuak eredu bihurtu behar du arlo honetan».
Gaurko bileran, gainera, aurrera egin da Euskadin Soldata-Arrakala murrizteko Estrategia barneko 2021-2025 Ekintza Plan Operatiboan. Honen harira, Berdintasun sailburuak gogorarazi du «arazo konplexu batez” ari garela, “egiturazkoa eta dimentsio anitzekoa”, eta horri aurre egiteko “erantzun integrala” behar dela, inplikatutako eragile eta esparru guztietatik etorri behar duena. Euskadin soldata-zorra murrizteko estrategia 2018ko azaroan onartu zen, 2019-2020 ekintza-plan batekin, eta orain datozen lau urteetarako neurriak identifikatzen ari dira.
Gainera, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak hainbat ekimenen berri eman du, hala nola Generation equality, zeinen bidez berdintasunaren aldeko eta emakumeenganako indarkeriaren aurkako herri itun bat lortu nahi den, edo Gizonduz ekimenaren esparruan gizon politikariak berdintasunean prestatzeko abian jarritako programa.