Javier Hurtado sailburuak: “Bide berdeak turismo industrialaren baliabide hobezinak dira baita turismo jasangarriaren etsenplu bat ere”

0

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok, Nafarroako Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilari Mikel Irujo lagun zuela, Ferrocarril Vasco Navarro-ko Bide Berdearen sustapen-tresna berriak aurkeztu ditu. Ibilbide horretako KM 0tik egin da aurkezpena, Estella-Lizarrako tren-geltoki zaharrean hasten den lekutik, alegia.

Bi exekutiboen baterako lana hainbat ekintzatan biltzen da, besteren artean nabarmentzekoa bide hau sustatzeko propio sortu den web berria, non eskaintzen diren sustapen-bideoetako batzuk eta argazki-artxibo bat. Bideoen artean 14 minutuko dokumental bat dago, gizartearen sentsibilizaziora eta sustapenera zuzendua, eta bertan ematen dira ezagutzera trenbidearen historia eta ibilbideak eskaintzen dituen aukerak; baita sare sozialetarako hiru sustapen-bideo ere.

Sustapen-tresna berri horien beste erakargarritasun bat digitalizazioa da, bide berdearen ibilbide osoa 360º-ko iruditan eskaintzeko. Gainera, bidearen argazki-artxibo txiki bat landu da sustapenerako hedabide desberdinetan erabilia izan dadin.

Javier Hurtado sailburuak azaldu duenez, “Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailarentzat Ferrocarril Vasco Navarro-ko Bide Berde honen sustapena aurrerapauso bat gehiago da Euskadi helmuga zikloturista gisa kokatzen jarraitzearen alde egina dugun apustuan. Horretarako tresna ugari ditugu. Txirrindularitzako tradizio luzea, kirol arloko arrakasta, azpiegitura onak, BTT zentroen sarea eta, hain zuzen ere, bide berdeen sarea. Elementu horiek dira abiapuntua zikloturismoari merezi duen indarra emateko. Datozen urteetan hazkunde-progresio handiena izango duen sektoreetako bat da, turismo jasangarri bat garatzeko funtsezkoa. Bultzada honekin ezarriko ditugu zikloturismoari lotutako estrategia sendo bat indartzeko oinarriak, Euskadiko Zikloturismo Sarea sortuta sektorearen integrazioa bultzatuz”.

Gainera, sailburuak gogora ekarri duenez “bide berdeak irisgarritasunaren, mugikortasun ez motordunaren eta gure ondare industrialaren memoria berreskuratzearen etsenplu bat ere dira”. Zentzu horretan, bide berdeak turismo industrialaren baliabide nagusietako bat dira “trenbide zaharren garapena beharrezko elementu bat baitzen XIX. eta XX. mendeetako industrializazioan, eta zentzu horretan orain garenaren funtsezko parte bat ere da. Gure historia industriala gaurko Euskadiren osagai bereizezin bat da, eta alderdi horretan bide berdeek lagundu egiten dute turismo industrial hau suspertzen”.

Ferrocarril Vasco Navarro-ko Bide Berdearen bide naturalak Nafarroako Estella-Lizarra herria eta Arabako Vitoria-Gasteiz hiria lotzen ditu, baita Gipuzkoako Bergara eta Oñati herriak ere, 123km-tan zehar.

https://viaverdevasconavarro.com/vias-verdes/vasco-navarro/