Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 11,9 milioi euro bideratuko ditu lehentasunezko jardun-eremuak dinamizatzera

0

Eusko Jaurlaritzak 180 milioi euroko ezohiko inbertsio-plana onartu zuen maiatzean, egoera ahulenean dauden eskualdeetan edo lehentasunezko arreta eremuetan (Meatzaldea, Enkarterri, Oarsoaldea eta Aiaraldea) trakzio-proiektuak dinamizatzeko. Eskualde bakoitzeko eragile ekonomiko, sozial eta erakundeek modu erabakigarrian esku hartu duten partaidetza- eta lankidetza-prozesuaren ondoren, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak bost proiektu bultzatuko ditu:

  • Orkonera Industria Ondare Higigarriaren Zentroa
  • Sestaoko Labe Garaia jendearentzat irekitzeko jarduketak
  • Zallako zelulosa-fabrika zaharrean Artisten Zentro bat sortzea
  • Albaola Itsas Faktoriako azpiegiturak handitzea
  • Errenteriako Agustinetako eskola zaharren eraikineko Artista barrutia

Helburua da aurten bertan martxan jartzea eta aldundiekin, udalekin eta eskualdeko eragileekin lankidetzan gauzatzea 2021etik 2023ra bitartean.

Orkonera 

Orkonera Euskal Autonomia Erkidegoko industria-ondare higigarriaren gordailuak, Kultura Ondarearen Zuzendaritzak kudeatzen duenak, 2.000 pieza baino gehiagoko bilduma du, forma, neurri eta jatorri askotakoak. Barakaldoko Udalarekin egindako akordio baten bidez, Lutxanako Orkonerako pabilioiak Eusko Jaurlaritzari utzi zizkion, industria-ondare higigarriaren gordailua kontserbatu eta bisitagarria izan zedin.

Inbertsioa 3,9 milioi eurokoa izango da testuinguru sozioekonomiko, kultural eta geografiko egokian, langile-jatorriko auzo batean, non bilduma integratzea errazagoa den, industriala berezkotzat jotzen duen herritarrengandik hurbil baitago. Gainera, Bizkaiko industrializazioaren ardatza izan den itsasadarretik gertu gauzatuko den proiektua da.

Sestaoko Labe Garaia 

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 2,4 milioi euro inbertituko ditu Kultura Ministerioaren jabetzakoa den Sestaoko Labe Garaia dagoen eremua urbanizatzeko obretan, bai eta kanpoko eta barruko irisgarritasuna errazteko obretan ere. Sestaoko Labe Garaia Kultura Ondasun izendatu zuen Eusko Jaurlaritzak 2005ean, monumentu kategoriarekin. Bestalde, Kultura Ministerioa labe garaia zaharberritzeaz arduratuko da. Proiektu osoa Sestaoko Udalak, Eusko Jaurlaritzak eta Kultura Ministerioak koordinatuko dute.

Albaola

Eusko Jaurlaritzak, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren bitartez, 2,5 milioi euro inbertituko ditu Albaola Itsas Faktoriako azpiegiturak handitzeko lanetarako. Espazioaren azpiegiturak hobetzeko obrak izango dira, jarduera berriei ekiteko eta Museoaren eta ontziolaren harrera-gaitasuna handitzeko. Gainera, inbertsio horren helburua eraikinaren efizientzia eta jasangarritasun energetikoa hobetzea izango da.

Albaola Itsas faktoriaren proiektua 2013an hasi zen, XVI. mendeko euskal baleontziaren erreplika bat egiteko asmoz, XX. mendearen amaieran Kanadan aurkitutako aztarnei jarraituz eta arotzeriako artisau-tekniken bidez. Denboraren poderioz, Albaola ontzigintzaren ikerketara eta euskal itsas ondarearen hedapenera bideratu da.

Errenteriako Artisten Barrutia 

Lehentasunezko jarduketa-eremuen barruan Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak sustatutako laugarren proiektua Artisten Barrutikoa da, Errenteriako Agustinetako eskola zaharren eraikinean irekitzea aurreikusten dena. Kultura- eta sormen-industrien arloko enpresentzako bultzada izango da. Horretarako, enpresa ekintzailetzarako gune berri bat sortuko da Agustinetako eskola zaharretan, 1.200 metro koadroko hiru solairurekin. Helburua kalitatezko lanpostuak sortzea eta inbertsio pribatua erakartzea izango da, beti ere Artisten Barrutian sortuko diren enpresen erakargarritasuna dela eta. Milioi bat euroko inbertsioa egingo da proiektu honetarako.

 

Zallako Artisten Zentroa

 

Bosgarren proiektua ere sormen- eta kultura-industriei lotutakoa da. 2.158.000 euroko inbertsioa egingo da talentu artistikoa eta, hedaduraz, sormena sustatzeko espazio bat sortzeko. Horretarako, «Guata» izeneko industria-eraikina zaharberrituko da, eta kultura- eta sormen-garapenarekin lotutako erabilera berrietara bideratuko da.