Osakidetzak ostiralean irekiko du 29 eta 16 urte bitarteko pertsonei txertoa jartzeko hitzordua hartzeko aukera

0
Euskadin, xede-biztanleriaren erdiak baino gehiagok lortu du txertaketa-pauta amaitzea, eta 10 pertsonatik 7k gutxienez dosi bat dute. Gotzone Sagardui Osasuneko sailburuaren arabera, «Albiste onak» dira, eta Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan agertu da pandemiak Euskadin izan duen bilakaeraren berri emateko. Halaber, txertaketa-prozesuaren berri eman du, eta populazioaren baheketa berri bat abiarazi du, ikasturte amaierako bidaien ondoriozko kutsatzeen transmisioa lehenbailehen geldiarazteko.

Txertaketari dagokionez, Osasuneko sailburuak honako hau jakinarazi du:
• Uztailean amaituko da txertaketa, 60-69 urteko biztanleriaren adin tartean.
• Datorren astean itxiko da funtsezko langileen txertaketa.
• Aste honetan, Osakidetzak 39 eta 30 urte bitarteko pertsonen txertaketan jarriko du arreta, eta aurrera egingo du 49-40 urtekoekin, horien estaldura % 80ra iritsi baita.
Azkenik, ostiralean, Osakidetzak 29 eta 16 urte bitarteko pertsonei bere webgunearen bidez hitzordua hartzeko aukera zabalduko da. Webgunearen bidez hitzordua hartzeko aukera hau uztaila eta abuztu osoan egongo da zabalik 16 urtetik gorakoentzat.
Horrela, lehentasunezko sailkapenak aurreratuta, gainerako biztanleetara jaisten da. Helburua ahalik eta lasterren txertatzea da, iristen diren dosien arabera.

Osasun-sailburuak adierazi duenez, metatutako intzidentziak 50 puntu baino gehiago egin du gora astebetean. Zaintza eta Arreta Sareak antzemandako agerraldi batzuen berri eman du:
• Hernani-Urnieta-Astigarraga agerraldiarekin lotutako kasuak: 342 positibo.
• Mallorcara egindako ikasturte amaierako bidaien agerraldiari lotutako kasuak: 297 positibo.
• Ikasturte amaierako Salourako bidaia-agerraldiari lotutako kasuak: 107 positibo.
• Eta Conilerako bidaiarekin lotutako kasuak: 32 kasu positibo.
Egoera ikusita, Osasun Sailak ikasturte amaierako bidaietarako martxan dagoen biztanleria-baheketan parte hartzeko deia zabalduko du. Hori dela eta, Mallorcatik, Saloutik edo Coniletik datozen edo iristen jarraituko duten 16-19 urteko pertsonei euren osasun zentroarekin harremanetan jartzeko eskatu die, bihartik aurrera PCR bat egiteko.