Basque District of Culture and Creativity sortu da

0
PRUEBA

Basque District of Culture and Creativity (BDCC),  Euskadiko Kultura eta Sormen Barrutia, aurkeztu da gaur goizean Zorrotzaurreko “La Terminal” Kultura eta Sormen Industriako fabrikan, aitzinako Estanpazio eta Galdaragintzako lantegi zaharrean, kulturak birsortzeko duen ahalmenaren ikur. Aurkezpenean, parte hartu dute Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak, Leyre Madariaga Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Eraldaketa Digitalaren eta Ekintzailetzaren zuzendariak, eta Leire Bilbao Berrikuntzaren Euskal Agentziaren zuzendari nagusiak. Basque District of Culture and Creativity Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren, SPRI Taldearen eta Innobasqueren arteko lankidetzaz sortu da. Gainera, Gaia, Euskadiko Teknologia Elektronikoen eta Informazioaren Industrien Elkartea, arduratuko da BDCCren zerbitzu guztiak eskaintzen eta plataforma garatzen hurrengo urteetan.

Kultura eta Sormen Industriak Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa eta langile independenteen % 9,9 dira eta, bertan 45.365 pertsona inguru lanean arituz, enpleguaren % 5,31 sortzen dute. Sektore horretan, 15 azpisektore biltzen dira guztira. Horietatik sei kulturakoak dira (arte eszenikoak, ikusizko arteak, ikus-entzunezkoak, edizioa eta inprimaketa-bitartekoak, musika eta kultura-ondarea), eta bederatzi, berriz, sormenekoak (arkitektura, artisautza, eduki digitalak, diseinua, gastronomia, hizkuntzaren industriak, moda, publizitatea zein marketina, eta bideo-jokoak).

BDCC Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Plana 2030ean (PCTI 2030ean) hartzen da kontuan, Euskadiko espezializazio adimentsuko estrategiaren (RIS3 Euskadiren) jarraibideei lotuz. Estrategia horretan, Eusko Jaurlaritzak identifikatu du kultura- eta sormen-industriak “aukerarako lurraldeetako” bat  direla Euskadin hazkundea eta enplegua sortzeko. Plataforma berri honen helburua da Kultura eta Sormen Industriei (KSI) lotutako enpresen kudeaketa profesionalizatzen eta lehiakortasuna hobetzen laguntzea.

Sektorearen profesionalizazioa

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak adierazi duen bezala, “barrutia ekonomia- eta finantza-irizpideak ezartzea sustatuko duen eremu bat izango da, betiere talentuan, esperimentazioan eta originaltasunean oinarritutako sektore honen berezitasunak errespetatuz. Era horretan, bilatzen da KSI enpresetan jada identifikatutako erronkei erantzuna ematea, hala nola ekintzailetza sustatzeko beharra, negozio-planak hobetzea eta haien enpresa-dimentsioa egokitzea, jabetza intelektualaren babesa erraztea, nazioartekotzen eta merkatu berrietara sartzen laguntzea, trantsizio digitala arintzea, talentua erakartzea, atxikitzea eta hari prestakuntza ematea, edo jarduera babesteko laguntza eta zerbitzuei buruzko informazioa areagotzea”. Horretarako, Basque District of Culture and Creativityk interneteko programak eta tresnak bildu ditu, sektoreko eragileekin lankidetzan sortuak; hartara, industria horietako enpresek eta profesionalek beren negozioetako askotariko alderdiez gogoeta egin ahal izango dute, modu didaktikoan eta praktikoan.  Bada, BDCC plataformak hauxe eskainiko du:

  • Informazio eta orientaziorako zerbitzuak, uneoro sektoreko profesionalei arreta emateko prest egongo diren pertsonen lantalde bati esker.
  • Era autonomoan erabil daitezen, sektorearen eskueran jarritako tresnak, internetetik jaits daitezkeen aplikazioen formatua dutenak.
  • Enpresak administrazio publikoen laguntza-programetara bideratzea.
  • Eragile adituen eta sektoreko erakunde espezifikoen zerbitzu-eskaintza; haiek BDCCrekin arituko dira lankidetzan enpresen multzoari eragiten dioten gai zehatzen edo problematikoen inguruan.
  • Informazio eguneratua, baita newsletterra ere.
  • Etengabeko prestakuntza irekia, dela pilulen bitartez, dela topaketen bitartez, Kultura eta Sormen Industrien osotasunak dituen zeharkako erronkei erantzuna emateko.

Berrikuntza

Enpresa-gaitasunen hobekuntza horretan, ezinbesteko rola jokatuko du enpresa-kudeaketan berrikuntza sartzeak, hala teknologikoa nola ez-teknologikoa. Hain zuzen, zientzia, teknologia eta berrikuntzaren Euskadiko sarean Kultura eta Sormen Industrien presentzia sendotzea izango da BDCCren eginkizunetako bat, lankidetza-sare baten bidez. Sare horretan, ekosistema honetako beste erakunde batzuek parte hartuko dute, hala nola teknologia-zentroak, unibertsitateak, administrazioak, gizarte-eragileak eta, oso bereziki, ekonomia-jardueraren beste arlo batzuetako enpresak. Horretarako, joan den astean ere, KSIGune klusterra aurkeztu zen Hezkuntza Sailarekin lankidetzan. Leire Bilbaok, Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziako zuzendari nagusiak, nabarmendu du BDCC plataformak “Euskadiko KSIen sektorea egituratzen eta kohesionatzen” lagunduko duela, “gaur egun dagoeneko berritzailea dena are berritzaileagoa eginez”. Hala, Leyre Madariagak gaineratu du BDCCk balioko duela “kultura eta sormenaren sektorea biziberritzeko, eta ekonomiaren bultza-indar gisa duen ahalmen guztiari etekina ateratzeko”.

Etorkizuneko erronkak

Enpresa bakoitzaren profesionalizazio indibidualak balioko du sektoreak Kultura eta Sormen Industrien multzoak dituen erronka komunei aurre egin diezaien, adibidez, egituraketa funtzionalago bat lortzea, sektorea osatzen duten askotariko eragileen arteko harremanak hobetzea, edo sektorean zein beste industria batzuetan sentsibilizazio handiagoa izatea kulturak eta sormenak aberastasuna sortzeko orduan duten garrantziari buruz, eta Euskadik nazioartean KSIei buruz erreferentziazko posizionamendua izatera heltzea. Helburu hori lortzeko, BDCC DC Networken dago integratuta, munduko hamahiru eskualde berritzaileenen sormen-barrutien sarea, kultura- eta sormen-industrien ekonomia-garapena lehenesten duena. Hauexek dira aipatutako eskualde horiek: Baden-Württemberg, Katalunia, Eskozia, Karnataka, Danimarka Erdialdea, Flandria, Ipar Brabante, Oklahoma, Rio de Janeiro, Shanghai – Yangzi Deltaren Eskualdea, Mosku – Erdialdeko Barruti Federala eta Tampere.