Leartiker euskal zentro teknologikoa BRTAri atxiki zaio

0

Elikagai eta polimeroen teknologian espezializatutako Leartiker zentro teknologikoa Basque Research and Technology Alliance (BRTA) delakoari atxiki zaio, Aliantzak berrikuntza eta tranferentzia teknologikoaren alde egin duen apustua berretsiz, eta horrenbestez, euskal partzuergo zientifiko-teknologikoarekin bat egin duen 17. eragile bihurtu da.

Leartiker atxikitzeko ekitaldiaren aurretik, egoitza Markina-Xemeinen duen erakunde honi zentro teknologiko multifokalizatuaren akreditazioa eman zion maiatzean Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareak (ZTBES).

Leartiker atxikitzeko ekitaldi ofiziala gaur goizean egin da BRTAk Gipuzkoako Mendaro herrian duen egoitzan. Ekitaldiko buru izan da Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua, eta bertan izan dira, halaber, Rikardo Bueno BRTAko zuzendari nagusia eta Amaia Egia Leartikerreko zuzendari nagusia.

“Leartiker garatutako proiektuen transferentzia teknologikoaren indize handiagatik nabarmendu da, lurraldeko enpresekiko hurbiltasunaren ondorioz, baita nazioartekotze-maila handiagatik ere. BRTArekin bat egin izana aparteko albistea da, izan ere, gure Aliantzaren dibertsifikazioa eta espezializazioa bultzatzeaz gain, modu erabakigarrian laguntzen dio euskal enpresen lehiakortasuna areagotu, osagai berritzaileak sustatu eta Euskadik Europar Batasuneko berrikuntzarik handieneko eskualdeen artean duen eginkizuna indartzeko egiten ari garen lanari”, ziurtatu du Buenok.

Bestalde, Egiak adierazi duenez, bere erakundea BRTArekin bat egin izanak oso-osorik baieztatzen ditu “Leartikerrek garapen teknologikoaren alde egin duen apustua, funtsezko tresna baita euskal enpresa-sarearen lehiakortasuna hobetzeko, eta kualifikazio eta espezializazio handiko giza-taldearen konpromisoa, tokiko lankidetzan oinarritua baina une oro nazioartera bideratuta dagoen begirada globala duena”.

50 pertsonako lantaldea eta 3 milioi eurotik gorako diru-sarrerak dituela, Leartiker polimeroen eta elikagaien teknologietara zuzendutako I+G arloko proiektuetan espezializatuta dago.

Polimeroen arloan, erakundeak hainbat material eta fabrikazio-prozesu garatu, materialak eta produktuak karakterizatu, eta horien digitalizazioan lan egiten du, simulazio-teknika aurreratuen bitartez, industria-arloan nahiz giza-osasunean garrantzi handiko aplikazioak lortu dituelarik.

Elikagaien teknologiaren arloan, berriz, “Elikadura osasungarria” ardatz hartuta, zentroak berrikuntzaren aldeko apustuari eusten dio nekazaritzako elikagai-industrien lehiakortasuna hobetzen laguntzeko estrategia nagusitzat. Adar honetan, esnekien eta elikagai prestatuen arloan egin duen ikerketa nabarmen daiteke.

Leartiker zentroaren iritsierarekin, 17 eragilek osatzen dute egun BRTA aliantza: ikerketa kolaboratiboko 4 zentrok (CIC BioGUNE, CIC NanoGUNE, CIC BiomaGUNE eta CIC EnergiGUNE) eta 13 zentro teknologikok (Azterlan, Azti, Ceit, Cidetec, Gaiker, Ideko, Ikerlan, Leartiker, Lortek, Neiker, Tecnalia, Tekniker eta Vicometch).

BRTA 2019an sortu zen euskal administrazio publikoaren bultzadaz, Eusko Jaurlaritzaren, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru aldundien eta SPRI Taldearen bitartez, eta euskal ekoizpen, industria eta enpresa sektoreen behar eta erronka teknologikoei erantzutea du helburu, Aliantzako kideen arteko lankidetzaren bitartez.

Gainera, BRTAk euskal eskaintza zientifiko-teknologikoa nazioartean sustatu eta Europako berrikuntza-eragile nagusiekiko lankidetza erraztea du xede, berrikuntzaren nazioarteko dinamikei eragiteko eta nazioarteko I+G lideratzen duten korporazio handien parean kokatzeko asmoz.

BRTAri buruz

BRTA aliantza ikerketa kolaboratiboko 4 zentrok (CIC BioGUNE, CIC NanoGUNE, CIC BiomaGUNE eta CIC EnergiGUNE) eta 13 zentro teknologikok (Azterlan, Azti, Ceit, Cidetec, Gaiker, Ideko, Ikerlan, Leartiker, Lortek, Neiker, Tecnalia, Tekniker eta Vicometch) osatzen dute, eta euskal enpresa-sarerako soluzio teknologiko aurreratuak garatzea du helburu.

Eusko Jaurlaritzaren, SPRI Taldearen eta hiru lurraldeetako foru-aldundien babespean, aliantzak atxikitako zentroen arteko lankidetza bultzatu, eta ezagutza sortu eta enpresei transmitizeko baldintzak indartzea du xede, horien lehiakortasuna aregotzen laguntzeko eta Euskadiren gaitasun zientifiko-teknologikoa atzerrian proiektatzeko.

BRTAko zentroek 3.500 profesional biltzen dituzte, Euskadiko I+G arloko inbertsioaren % 22 gauzatzen dute, 300 milioi eurotik gorako urteko diru-sarrerak dituzte eta urtean Europako zein nazioarteko 100 patente sortzen dituzte.