Mahai sektorialaren ezohiko bilera

0

Osakidetza eta LAB, CCOO eta UGT sindikatuak lanbide-karrerari buruzko akordio batera iritsi dira gaur goizean Mahai Sektorialak egin duen ezohiko bileran. Onartu den dokumentua, merituak eta lan-esperientzia aitortuz, Osakidetzako langileen lan-baldintzak hobetzeko eta, azken batean, asistentziaren kalitatea hobetzeko bi aldeek erakutsi duten borondatearen eta egin duten negoziazioaren emaitza da.

Izenpetu den akordioan jaso da lanbide-garapenaren mailak ebaluatzeko eta aitortzeko sistema aztertzeko negoziazio-prozesuari hasiera ematea eta ezohiko deialdi bat egitea.

2021eko ezohiko deialdian hainbat ezohiko neurri jasoko dira, horien artean maila aitortzea errazten duena, maila guztietan ebaluazioa ezeztatuta. Edozein profesionalek eskatu ahal izango du betetako zerbitzuen arabera dagokion lanbide-garapenaren maila.

Bestalde, adostu da mailaren araberako osagarriaren ordainketak 2019ko urtarrilaren 1etik izango dituela atzeraeraginezko ondoreak. Alde horretatik, parte hartzeko aukera ere zabaldu da; izan ere, lanbide-karrerara sarbidea izango dute une hauetan aktibo ez dauden baina 2019ko urtarrilaren 1ean aktibo zeuden pertsonek, esate baterako, egun horretatik aurrera erretiroa hartu zutenek.

Gaur onartu den proposamena 2021eko otsailean hasierako zirriborroa aurkeztu zuenetik Osakidetzak planteatzen duen laugarren aldaketa hobetua da. Zuzendaritza nagusiaren ustez, elkarrizketarako bere borondatearen adierazpen argia da, eta behin berriro ere berretsi du Mahai Sektorialaren esparruan geratzen diren beste gai batzuetan ere akordiotara iristeko prest dagoela.