Uraren Euskal Agentziak, Eusko Jaurlaritzaren erakunde publikoak, Arundo donax kañabera kendu du Bakioko Ondarre errekaren arroko 1100 m²-tan, ibilguak lehengoratzeko zerbitzuak landare inbaditzaileak kontrolatzeko eta erauzteko egiten dituen lanen esparruan.
Zehazki, jarduketa honetan, ibilguaren ertzetan Arundo donax espeziearen presentzia desagerrarazten saiatzen ari dira. Lanak 2021eko maiatzean egin dira, eta eremu horretan egiten den laugarren esku-hartzea da. Horri esker, hasierako azalera kaltetua 1.322 m2-koa izatetik 213,25 m2-koa izatera igaro da.
Lehenengo tratamenduak kanaberaren aireko zatiak garbitzean zetzan. 2020an, herbizida injektatu zen eremuan kanaberak tratatzeko lehen saioetan, eta, orain, 2021ean, kanaberaren aireko zatiaren belar-sastrakak kendu dira.
Landarea kontrolatzeko lanek aurrera jarraituko dute etorkizunean, eta tratatutako eremuetan espezie autoktonoak landatuko dira, Arundo donax-aren hedapena oztopatzeko eta eragindako tarteetan ibaiertzeko basoa berreskuratzeko.
Arundo donax-a espezie inbaditzailea da, eta zaila da desagerraraztea ibai zati batean ezarri ondoren, batez ere bere errizomek, moztu ondoren, berragertze indartsuak errazteko duten gaitasunagatik. Kanabera arruntaz ari gara, erraz 2 eta 6 metro artekoa, eta oso erabilia izan da bere arintasunagatik, moldakortasunagatik: laborantzetako landare-zutoinak eusteko, fruta-adarrak eusteko, saskigintzarako, edota sabai aizunak eraikitzeko, besteak beste.