URAk higatutako erribera bat zaharberritu du Muera ibaian

0

Uraren Euskal Agentziak, Eusko Jaurlaritzaren erakunde publikoak, higatutako erribera bat zaharberritu du Muera ibaiaren ezkerraldean, Añanan, bioingeniaritzako teknikak erabiliz eta tokiko espezieak landatuz, bai erriberan bertan, bai bide-zortasuneko eremuan.

Jarduketa egin den eremuaren ondoko finkaren jabearen eskaera jaso eta gero egin dira lanak. Jabeak itxitura atzeratu du, zortasun-eremutik 80 bat metrora espezie autoktonoak landatzea errazteko, eta, horrela, ibaiertza sendotzeko. Izan ere, Muera ibaiaren ezkerraldeko ibaiertzaren tartean lur-jausi bat izan zen, ur-jarioaren higadura naturalaren ondorioz, eta, ondorioz, zulo handi bat sortu zen. Gainera, ibai-tarte horrek ez zuen ibaiertzeko landaredi autoktonorik ezkerraldean.

Beraz, ibaiertza txirikorda-teknika baliatuz finkatzea erabaki da: alegia, bioingeniaritzako teknika bat da, eta  ibaiertzeko zuhaixken adar malguak gurutzatzean datza, egurrezko hesolen inguruan, hain zuzen ere. Era berean, zuhaitz- eta zuhaixka-espezie autoktonoak landatu dira alboko finkaren lur pribatuetan ere, bide-zortasuneko zerrendan.

Jarduketak bi helburu lortzen ditu: batetik, bide-tartearen egoera hobetzea, ibaiertzeko landaredia eta ibaiertzak ematen dituen zerbitzu guztiak berreskuratzeko (ibilgua itzalpetzen du; espezieentzako korridore gisa jarduten du eta habitatak konektatzen ditu; ur-goraldien emarien indarra leuntzen du); eta, bestetik, ibaiertza sendotzea eta uren etengabeko jariatzearen higadura-ahalmenari aurre egitea.

Eskala txikiko lankidetza publiko-pribatua da, eta jardunbide egokia da etorkizunean ibaiertzeko biztanleekin lankidetzan aritzeko. Zentzu horretan, URAk ibaiertzetako jabe pribatuekin hitzartze estuagoa lortzea du xede, hartara, ibaien aldamenteko ibaiertz pribatuetan ere landare-estaldura handitzen laguntzeko, eta, horrela, lurraldearen ibilguen egoera ekologikoa hobetzeko.

Proiektu honek Eskualde Garapenerako Europako Funtsaren (EGEF-FEDER) finantziazioa jasotzen du.