Barakaldok Eskulturen plazan zabaldu du parke estali berria

0

Barakaldok badu dagoeneko eremu estali berri bat txikienentzat. Barakaldoko alkate Amaia del Campok gaur goizean aurkeztu du Eskulturen Plazan haurrentzako egindako gune berria. 470 metro koadro inguru ditu estalita. 428.000 eurokoa izan da hiria estalitako zazpigarren parkeaz hornitzeko udal-inbertsioa.

Hauxe da Del Campoko taldeak bultzatzen duen hiriko zazpigarren parke estalia, Barakaldoko familiei aire zabalean euritik babestuta jolasteko espazioak eskaintzeko helburuarekin. «Alkatetzara iristean, udalerriko familiek helarazitako eskakizunetako bat gauzatzeko lan egin dugu, hau da, hiriari haur-parke estaliak ematea. Azken sei urteotan egin dugun lanaren ondorioz, gaur ireki dugu hiriko zazpigarren parke estalia. Gainera, parke estalien zerbitzu hori ahalik eta auzo gehienetara irits dadin saiatu gara, eta, alde horretatik, esan dezakegu haurrentzako gune estaliak daudela Lutxanan, Urban Desertun, Bakean, anaien parkean, San Vicenten, Gurutzetan eta, orain, hemen, Gernikako Arbola inguruan», gogorarazi du alkateak.

Hiru milioi euro inbertitu dira sei urte hauetan auzoak estalitako egiturez hornitzeko,  «Barakaldarren bizi-kalitatea hobetzen jarraitzeko eta lehen eta bigarren mailako auzorik izan ez dadin, gure konpromisoan aurrera egiteko», adierazi du Del Campok

Oraingo honetan, zabu-gunearen 468 metro koadro baino geihiago estali dira, bai eta plaza-espazio bat ere ipar-mendebaldean, haurren jolas askea errazteko. Gainera, estalki arin bat aukeratu da, polikarbonatozkoa eta kolore argikoa, parkearen erabiltzaileen eta aldameneko etxebizitzen inpaktu bisuala apaltzeko.

Eskulturen plazako estalkiak, gainera, argiztapen propioa du, espazioaren segurtasuna hobetzeko.