Ertzaintzak eta udaltzaingoek abiaduraren kontrola indartuko dute Euskadiko errepide-sarean

0

Ertzaintzak, udaltzaingoekin lankidetzan, abiadura kontrolatzeko eta zaintzeko kanpaina indartuko du uztailaren 12tik 18ra Euskadiko kale eta errepideetan.

Aurten, orain arte, 26 pertsona hil dira Euskadin trafiko-istripuetan (horietako 11 Bizkaian, 8 Araban eta 7 Gipuzkoan). Kanpaina hauen helburua trafiko-istripuei aurrea hartzea da.

Sonia Díaz de Corcuera Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendariak azpimarratu duenez, “funtsezkoa da ezarritako abiadura-mugak errespetatzea; izan ere, egiaztatuta dago abiadura desegokian gidatzeak areagotu egiten dituela istripu larria gertatzeko probabilitateak. Oso kontuan izan behar dugu errepidera irteten garenean garrantzitsuena beti etxera itzultzea dela”.

Hainbat eta hainbat azterlanek egiaztatzen dute errepide bakoitzean ezarritakoa baino abiadura handiagoan joanez gero, modu esponentzialean egiten dutela gora istripuen kopuruak eta horien larritasunak. Era horretako jokabideei aurrea hartu ahal izateko, agenteek abiadurarekin lotutako arrisku handiko bide-zatiak kontrolatuko dituzte bereziki, bai eta istripu-tasa handiko puntuak ere.

Kanpaina hau trafikoa zaintzeko eta kontrolatzeko aurtengo urterako programatu diren 46 kanpainen egutegiaren barruan dago, eta kanpaina horien baitan ibilgailuen baldintza teknikoekin eta gidatzearekin zerikusia duten hainbat alderdi kontrolatu eta zainduko dira.