Garraio Sailaren komunikatua Euskal Trenbide Sarearen kontratu bati buruz

0

Joan den ostegunean EH Bilduk egindako deklarazioen aurrean Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren erakunde publiko Euskal Trenbide Sarearen (ETS) kontratu bati buruz, Sailak bere nahigabea adierazi nahi du baita salatu ere egindako akusazioak zeharo faltsuak direla eta Eusko Jaurlaritzaren sinesgarritasuna ahultzea eta ETSren lanari prestigioa kentzea dela akusazio horien helburu bakarra.

Erakunde publiko hau kontrolaren eta gardentasunaren estandarrek gidatutakoa da eta, hemen aipatzen den kasuan ere, bete egiten ditu bere prozedura guztiak, berdintasuna, gardentasuna eta konkurrentzia bermatze aldera. Lizitazio horretara edozein pertsonak du sarbidea Kontratazio Publikoa Euskadin Plataformaren bitartez.

Denuntziak akusazio funsgabeei heltzen die, honetan oinarrituta, adjudikazioa lortu zuen enpresa pribatuan lan egiten duela dokumentuaren egileak, eta hori da argumentu nagusia, EH Bilduk eusten diona enpresarekiko ustezko pribilegio-harreman bat dagoela adierazteko. Baieztapen zeharo faltsua da hori, ETSko plantillako langile bat denez gero, bertan ibilbide luzea egina duena eta administrazio publikoko kide den aldetik bere zerbitzu publikoa zalantza orotik at dagoena.

Metadatuetako tituluari dagokionez, nabarmendu beharra dago landutako dokumentuen emaitza dela, beste dokumentu zaharrago batzuetatik abiatuta, zalantzan jarritako idatziari egin zaion trazabilitatearen miaketan ziurtatu ahal izan denez gero.

Ohiko jardunbide bat da dokumentuak beste zaharrago batzuetatik abiatuta lantzea, formatu-adibide gisa erabiltzen direnetatik, alegia. Dokumentu horiek metadatuetan bil ditzakete, besteak beste, jatorrizko idazketa-data, egileak eta abar, eta informazio hori oinarri gisa hartutako dokumentu horretatik abiatuta landutako dokumentuek hartzen dute ondoren, horien formatua aldatzen denean ere.

Garraio Sailak salatu egiten du EH Bilduk jardunbide horretaz egiten duen erabilera politikoa, ez bada ere gomendagarria, ez baita ezohikoa lan ofimatikoan, eta ez du batere zerikusirik EH Bildu iritsi den ondorio interesatuekin. Horren erakusgarri da jatorrizko dokumentua beste prozeduretan erabili dela eta, ondorioz, EH Bilduk aipatzen duen izenburua metadatuetan agertzen da. Enpresaren izena aurkeztu ez den prozeduren izenburuan agertzen da eta baita, nahiz eta parte hartu, adjudikazioa lortu ez duen prozeduretan.

Garraio Sailak bere nahigabea adierazi nahi du EH Bilduk erabili ez izanagatik talde parlamentario gisa eskueran dituen mekanismoak dagokion informazioa biltzeko, eta apustu egin izanagatik inolako oinarririk gabe akusazioak egitearen alde, sektore publikoa eta bertako langileak xede politiko batekin ahuldu nahian. Sailak beti erantzun izan die talde parlamentarioen informazio-eskaera guztiei halakorik eskatu zaionean eta, alde horretatik, Legebiltzarraren eskueran jartzen da dagozkien argibideak emateko.