Aisialdiako jardueretan espazio seguruak sortzeko protokolo sozio-sanitarioa

0

­Gazteriako Zuzendaritzak, Eusko Jaurlaritzaren Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren menpekoak, protokolo soziosanitario bat prestatu du Euskadiko haur eta gazteei zuzendutako aisialdiko jardueretako, ingurune seguru batean garatzen direla bermatzearren. Ildo horretatik Aisialdiko Koordinazio Mahaia, zeinetan Astialdi Sarea (Gizarte esku-hartzean eta aisialdi hezitzailean diharduten Euskal Herriko erakundeen sarea) eta EGK (Euskadiko Gazteriaren Kontseilua) ere ordezkatuta baitaude, arduratuko da jarraipena egiteaz eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin lankidetza estuan lan egitean.

«Osasun jarraibideak kontuan hartuta, prebentzio neurriak indartu ditugu hezkuntza aisialdiko sareekin hitz eginez, oinarrizko jarduera hori babesteko», azaldu du Agurtzane Llano Gazteria zuzendariak.

Protokolo horrek areagotu egin ditu herritarrek dagoeneko onartu dituzten neurriak, hala nola eskuak desinfektatzea eta gela hidroalkoholikoak jartzea jarduera egiten den lekuko gune estrategikoetan. Halaber, sakonetik egiten ari da espazioen garbiketa, eta etengabe berritzen ari da barnealdearen airea, aireztapen naturalarekin zein mekanikoarekin.

Egoera sozio-sanitarioaren aurrean, aire zabaleko jarduerak areagotzeari ere ekin zaio. Hala, sarreretan eta irteeretan, pertsonek modu mailakatu batean sartu eta irten behar dute, eta seinaleztapenak erabiltzen ari dira jendetzarik sor ez dadin, horrela segurtasun-distantzia mantendu ahal izateko. Aldez aurretik, monitoreak, baita beren aisialdiko elkarteak ere, parte-hartzaileen, ordutegien eta jarduera-motaren arabera ari dira planifikatzen jarduerak, pertsonen arteko distantzia bermatzearren.

Azkenik, eta horrek guztiak ondo funtziona dezan, pertsona erreferente bat izendatuko da, zeina arduratuko den covid-19arekin loturiko alderdi guztiak kontrolatzeaz, garatuko diren aisialdiko jarduera guztietan. Pertsona horrek uneoro informazio hau bildu eta eguneratuko du: taldeak osatzen dituzten pertsonak, jardueretako parte-hartzea, garraioa autobusean edo beste garraiabide batean, eta senideen kontaktu-datuak. Gainera, Zaintza eta Arreta Sareak eskatzen duen informazioa bildu eta emango du, behar izango denean kontaktuak ikertzeko.

Jarduerak uztailaren 1etik aurrera

Hiri-udalekuak, eskulangintzako tailerrak, jokoak, kirol jarduerak, jolas-jarduerak edo teknologikoak, kanpamenduak… Aisialdiko jarduerak ikasturtearen amaierarekin batera hasi ziren, uztailaren 1ean, eta uda osoan zehar luzatuko dira.

Aukerak askotarikoak dira, parte-hartzaileek gogokoen duten jarduera aukeratu ahal izateko eta, batez ere, beren hazkunde emozionalerako eta prestakuntza integralerako eskaintzen zaizkien baliabide desberdinak aprobetxatzeko. Jardueretako batzuetan gau-ostatua sartzen da barnean; beste batzuetan ez, ordea. Dena den, guztiek dute helburu esperientzia pertsonal eta sozial aberasgarriak bizitzea.

“Haurren, nerabeen eta gazteen laguntzan, babesean eta aisialdi hezitzailean ekarpenak egiten jarraitu nahi dugu; covid-19a ondorio sozial eta ekonomiko larriak sortzen ari baita”, azaldu du Astialdi Sareko koordinatzaile Luismi Portok. Bere iritziz, “ugariak dira zailtasun eta arrisku berriak; kontziliazioan, lan-eremuko bizitzan, familian… eta baita haurren eta nerabeen garapenean ere”.

Ildo horretan, Agurtzane Llano Eusko Jaurlaritzako Gazteriako zuzendariak argi dauka aisialdiaren alde egin beharreko apustua: «Pandemiak haurren eta nerabeen aisialdiko eta hezkuntza-aisialdiko aukeretan duen inpaktuak hezkuntza-aisialdiko jardueren aldeko apustua indartzera garamatza».