Imanol de la Sota: «Gogo handia dut jokalari hauekin batera hazteko”

0

Bilbao Athleticek denboraldi-aurrea hasi du gaur Lezaman, eta Imanol de la Sota talde zuri-gorriko entrenatzaile berriak agerraldia egin du hedabideen aurrean, bere lehen entrenamendua amaitu ostean. Joseba Etxeberriaren lekukoa hartu du zuri-gorrien entrenatzaileak, Ohorezko Mailako Gazteen Mailan bi denboraldi eman ostean: “Ilusioz gainezka nago eta jokalari hauek hazteko gogoz. Eskerrak eman nahi dizkiot klubari nirekin egin duten apustuagatik, ametsa egia bihurtu da niretzat”.

De la Sotaren esanetan, “lana negoziaezina da. Urte hauetan Lezaman egin dudana ez da asko aldatuko. Jokalariak gero eta gehiago haztea eta elitera eta 1. zelaira hurbiltzea da nire lana. Gauzak ondo egin behar dira eta lan handia egin behar da egunero, lehen taldeko jokalariek ikus dezatela beheko jokalariak ate joka ari direla”.

Bilbao Athleticeko entrenatzaile berriak talde “oldarkorraren” aldeko apustua egin du, “akatsa aurkakoan etengabe eragiteko. Erritmo altuko taldeak gustatzen zaizkit, ausartak, baloiarekin eta gabe norgehiagokak irabazteko gai direnak”.

Talde zuri-gorriak denboraldi honetan estreinatuko duen Primera RFEF mailari dagokionez, Imanolek uste du “askoz ere lehiaketa zorrotzagoa” izango dela, eta hori lagungarria izango dela jokalarien hazkuntzan eta prestakuntzan. “Klub historiko askori egingo diegu aurre, eta horrek indarra eta hobetzeko gogoa eman behar digu egunero”.

Marcelinoren aginduetara denboraldi-aurrea osatzen duten lehoikumeez galdetuta, De la Sotak argi hitz egin du: “Oso ondo egingo balute eta lehen taldean geratuko balira, onena izango litzateke guztiontzat, Athleticen fitxaketa onenak”.