Ertzaintzaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fiskaltza Nagusiaren baterako lana aztertzeko elkartu dira Josu Erkoreka eta Carmen Adán

0

Josu Erkoreka lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuak eta Carmen Adán Euskal Autonomia Erkidegoko fiskal nagusiak bilera egin dute gaur goizean bien intereseko agenda koordinatzeko.

Bilera Bilboko Justizia Jauregian egin dute, eta biek nabarmendu dute Ertzaintzaren lanaren garrantzia Fiskaltzak Euskadin delituak jazartzeko eta delitugileak justiziaren eskuetan jartzeko egiten dituen ikerketetan. Alde horretatik, Ertzaintzarekin lehendik ezarrita dagoen lantalde iraunkorra sustatzen jarraitzea adostu dute, bertan jada garrantzi handiko konpromisoak baitaude finkatuta hainbat gaitan: zitazioak, epaiketa azkarrak, pertsonen identifikazioa, informazioa partekatzea, eginbideak bide telematikotik bidaltzea, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiarekin lankidetzan jardutea Fiskaltzarentzat formakuntza bereziak emateko, biktimen arreta, etab.

Aztertu dituzten gairik garrantzitsuenen artean aipatzekoak dira justizia-administrazioan adingabeak tartean dituzten egoeren tratamendu eta babes berezia, Internet bidez egiten diren delituen jazarpena eta EBA – Emakumeen eta Etxekoen Babesa proiektua. Erkorekak eta Adanek adierazi dute proiektu hau hedatzea oinarrizkoa dela emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako borroka integralerako eta emakumeen babes egokia bermatzeko.

Une hauetan Eusko Jaurlaritza jada ari da programa esparru polizialean ezartzen, eta erabat ezarrita dagoenean emakumeen aurkako indarkeria-gertaera bakoitzean inplikatuta dauden gainerako agenteetara hedatuko da, epaileei eta Fiskaltzara bereziki.

EBA PROIEKTUA

EBA proiektua genero-indarkeriaren edo etxeko indarkeriaren arloetako Ertzaintzaren eta udaltzaingoen espediente guztiak kudeatzeko sistema digital partekatua da. Ezartzen denean, EBAk, besteak beste, honako hauek egitea ahalbidetuko du:

  • Emakumeen aurkako indarkeriaren arloko espediente guztiak formatu berean sortzea eta partekatzea.
  • Emakume bakoitzaren arrisku-ebaluazio guztiak homologatzea, kasuaz edozein polizia-kidego arduratzen dela ere.
  • Seme-alaben arriskua berdin ebaluatzea.
  • Diagnostikatzen den arriskuaren araberako babesa ezartzea.