Osasuneko sailburuak «arrakastatzat» jo du talde gazteenari agendak irekitzea

0

Beste urrats bat eman da txertaketan, 29-16 urteko kolektiboari txertaketa-agendak ireki ostean. Osasun-sailburu Gotzone Sagarduik, Cadena Ser irratian egindako elkarrizketa batean, «arrakastatzat» jo du Osakidetzaren webgunearen bidez egindako zitazioa; izan ere, lehen orduetan 78.300 pertsonak baino gehiagok lortu dute txertoa hartzeko hitzordua uztaila eta abuztua bitartean.Trafikoa handia izan da agendak ireki aurretik ere. Horren adibide da gauerdian 1.600 pertsona baino gehiago sartu zirela segundoko. «Txertoaren onarpenaren erakusle bat hori», esan du Sagarduik.

Osasun sailburuak azpimarratu duenez, txertaketa erritmo onean doa, eta, hornidura konstante mantentzen bada, azken asteetan bezala, normaltasunez aurrera egiten jarraituko dute. «Txertaketa erritmoa jasotzen den txerto kopuruaren araberakoa izango da», gaineratu du.

Egoera epidemiologikoari dagokionez, Gotzone Sagarduik azaldu du kasuen hazkundea batez ere txertoa hartu ez dutenen eta adin tarte gazteenen artean gertatzen ari dela, eta, beraz, kasu larrienak eta ospitaleetan eta zainketa intentsiboen unitateetan duten eragina ez dela handia. Hala ere, kasuen gorakadak osasun sisteman duen eragina beranduago ematen dela gogorarazi du, eta itxaron egin beharko dela gaineratu du. «Datorren astea funtsezkoa izango da, goranzko joerarekin jarraitzen den ikusteko», gaineratu du.

Horrez gain, datorren astean ere R0 eta Rt balioak egonkortu diren ala ez egiaztatu ahal izango dela esan du. «Baieztatuko balitz, oraindik positibo asko dauden estadio batean egon ginateke, baina bilakaerak itxaropena emango luke», adierazi du.

Sagardui sailburuak prebentzio neurriak mantentzea eta pilaketak saihestea eskatu du, beste behin ere.

BAHEKETAK ETA AGERRALDIA

Halaber, Hernani-Astigarraga-Urnieta, Mallorca, Salou eta Conil baheketek martxan jarraitzen dutela jakinarazi du Osasun sailburuak.

Hernani-Astigarraga-Urnietako baheketaren kasuan, 428 kasu positibo zenbatu dira; Mallorcakoan, 302 pertsona positibo daude agerraldi horri lotuta; Salouko baheketari dagokionez, 321 pertsonak eman dute positibo, eta Conileko baheketan, berriz, 32 pertsonak eman dute positibo.

Sagardui sailburuak adierazi duenez, baheketak oso tresna erabilgarriak direla, eta martxan dauden baheketen positibotasuna % 38koa dela azpimarratu du.